Gaurko eta atzoko Altsasuko feriak argazkitan

Guaixe 2009ko urtarrilaren 14a

1985 urtetik Altsasuko Mendizale Taldeak Argazki Rallya antolatzen du urtero herriko ferietan. 25 urte eginen ditu aurten argazki rallyak eta urtemuga bertan izanik, Altsasuko Mendizale Taldeari une egokia iruditu zaio 1985etik 2008ra bitarteko argazkiak jendaurrean jartzeko. Hortxe Altsasuko Iortia kultur guneko erakusketaren iturria. Ehun bat argazkik laburtzen dute Altsasuko ferien azken 24 urteetako historia. Edizio horietan guztietan parte hartzaileak ferien funtsa islatzen zuen argazkiaren bila ibili dira Ferialekun batetik bestera, Garxia Ximenez kalea gora eta behera, Foruen plazan eskuin eta ezker. Denbora eten izan bailitzan, ferietako atal ezberdinak islatuta geratu dira argazkietan: ganaduen feria, nekazaritza elikagaiak, artisau azoka, Altsasuko txokoak, herritarrak... Ohiko irudiak batzuk: behorra, talogileak, artisauak... baina baita originalak ere: herriko graffitiak, feria gizonak... Guztiak ere gaurko eta atzoko Altsasuko ferien adierazle. Izen handiko txapelketa24 urteko historiak izena eman dio Altsasuko txapelketari. Horren adierazle 2008ko edizioaren parte hartze datuak: 45 lagun ibili ziren ferietako argazki ederrenaren bila, altsasuarrak batzuk, baina baita Iruñea, Zumarraga edo Zumaiatik etorritakoak ere. Josu Perezek irabazi zuen bilduma onenaren saria (200 €). Bigarren saria, 120 €-koa Carlos Mediavilarrendako izan zen eta 3.a Pello Romatetendako (90 €). Haurren mailan Maddi Azkune izan zen garailea, eta haren atzetik sailkatu ziren Unai Azkune eta Eneko Hernandez. Argazkirik onenaren egileak Julian Azkune (helduen mailan) eta Unai Azkune (haurren mailan) izan ziren. Hilaren amaierara arte urtez urteko argazkirik onenez gozatu ahal izanen da Altsasuko Iortia kultur gunean.