Kaleen asfaltatze lanek eragozpenak sortuko dituzte

Guaixe 2009ko urtarrilaren 16a

Altsasuko Udalak bando bidez jakitera eman duenez, heldu den astean zenbait karriketako zorua berrituko dute. Hala, astelehen arratsaldean eta asteartean Altsasuko Isidoro Melero karrikako zati bat asfaltatuko da, San Juan kalearekin lotura egiten duena. Lanak direla eta kale horietako garajeetara autorik ezin izanen duela sartu aurreratu du Altsasuko Udalak. Bestetik, San Pedro etorbidean ere zorua berritzeko lanak eginen dira. Asteazkenerako daude lan horiek iragarriak, Urdiain kalearen parean. Hori dela eta, kalea trafikoari moztuko diote. Altsasuko Udalak aholkatu du Basomuturrera eta Dantzalekura joan behar dutenek institutu arteko errepidea erabil dezatela. Asteazkenean San Pedro etorbidean dauden garajeetara autorik ezin izanen da sartu.Azkenik, Altsasuko Udalak aurreratu du San Juan kaleko azken zatiko sareen eta zolaren berritze lanak direla eta, Ermita kalea argiteria publikorik gabe egonen dela gaur arte. Sortutako eragozpenengatik barkamena eskatu du udalak.