Zama-lanak azokako kokapen berriaren traba handiena

Guaixe 2009ko urt. 21a, 00:00

Hala adierazi digute Altsasura asteazkenero saltzera etortzen diren hainbat saltzailek. Saltzaileetako batek esan digunez, kokapen berrian "ibilgailuan ekartzen dugun merkantzia deskargartu arte besteek ezin dugu postua jarri. Denok ez dugu salmenta postuetarako sarbide aukera bera. Gainera joaterakoan denak batera goaz". Saltzaileak kexu ziren postua jarri eta gero ibilgailua mugitu beharra zutelako, "eta euria egiten duenean ibilgailua bertan ez dagoenen salgai guztia busti eginen zaigu". Beste saltzaile batek esan digunez "paper gainean dena ongi dago, baina ez da bideragarria 60 posturako tokia beharrean 40rendako dago". Beste batek fruta saltzaileen adibidea jarri digu: "kutxa ugari ateratzen dituzte, eta haiek non sartuko dituzte?"

Saltzaileek kokapenaren inguruan iritzi ezberdinak dituzte. Batzuendako "Iortia plazarekin batera" egokia da bitartean beste askok lehengo kokapenetara bueltatzea eskatu dute. Guztiek ere bat egiten dute "lan postu duina" eskatzean. "Ez gara aldaketara ukatzen, baina aurreko kokapenetako baldintza berak edo hobeak nahi ditugu". Udalak saltzaileen interesak kontuan izan behar dituela adierazi dute. Bilerak Saltzaile talde handi bat Altsasuko udaletxean bildu da. Alkatearekin bilera egiteko eskaera egin dute, "ikus dezala ezin dela azoka jarri".

Gaur goizean alkatea bitan bildu da saltzaileekin eta astelehenerako, 19:00etarako, hitzordua jarri dute. Udaletik saltzaileei proposatu diete salmenta postuetako batzuk Iortia plazan jartzea kultur gune aurreko plazan tokia egiteko. Baratzeko bide plazako etxeen ondoan postuen bi ilara eta San Juan kalera ematen duen kalearen zati bat hartzea ere proposatu dute saltzaileek. Bitartean azokan postuan jartzen dutenek "beste lan egun bat ez galtzeko" udaletxean instantzia aurkeztu dute azoka Zumalakarregi plazara bueltatzeko. Iortia kultur gunean saltzaileek batzarra egin dute.

Postuak
Goizeko seietarako etorri diren dozena erdi fruta saltzaileren postuak opatuko ditu gaur azokara joaten denak. Bi arropa saltzaile, landare salmentako 2 postua, zapatari bat, alfonbra saltzaile bat eta gazta eta gatzatuak saltzen dituen postuak egon dira. Postu horietako batzuek beste salmenta postu batzuetarako pasa itxi dute.