Kima komikigile euskaldunen bila

Guaixe 2009ko urtarrilaren 22a

Altsasuko Kima euskara taldea proposamen berriarekin datorkigu: komiki mutua lehiaketarekin. Kimak Jose Mari Morcillo, Morkots, komikigilearen laguntza izan du horretarako. Altsasuarrak komiki bat egin du, baina testua jartzea "ahaztu" zaio. Hain zuzen, hutsune hori bete beharko dute lehiaketan parte hartzen dutenek. Kima euskara taldeak euskararen erabilera ludikoa eta sormena sustatzea nahi ditu lehiaketa honen bidez. Erronka onartzeko prest dagoenak Altsasuko Urteaga liburu dendan, Iortia kultur gunean edo herriko ikastetxeetan eskura dezake komiki mutua. Horietara joaterik ez duenak ez du aitzakiarik, etxetik atera gabe, www.altsasukokima.com web orrian lortu baitezake komiki mutua. Aipatutako web orrian lehiaketaren oinarriak ere eskura daude.Lehiaketaren arauakKomikia hartuta, irudimena dantzan jarri baino ez dute egin behar parte hartzaileek: komikiari izenburua eman eta marrazkietako globoak bete. Nahi duen guztiak parte har dezake lanean, beti ere lan bakarrarekin. Kima euskara taldeak jakinarazi du ez dela irainak, sexismoa, arrazakeria, gorrotoa edo bestelako jarrerak sustatzen dituen lanik onartuko. Hiru adin talde bereiztu dituzte antolatzaileek: 9-11 urtekoena (A maila), 12-16 urtekoena (B maila) eta 16 urtetik gorakoena (C maila). Guztiek ere ilbeltzaren 30a izanen dute lanak aurkezteko azken eguna. Izen-abizenak eta harremanetarako telefono eta helbidea gutun-azal itxi batean sartu eta komikiarekin batera gutunazal handiago batean aurkeztu beharko dira lanak, azalean Komiki Mutua Lehiaketa eta maila idatzita. Ikastetxeetan, Altsasuko Urteaga liburu dendan eta Iortia kultur gunean jasoko dituzte lanak. Anonimotasuna bermatzeko, ezinbestekoa da komikia ezizenarekin sinatzea. Erakusketa denendako sariIlbeltzaren 30etik aurrera epaimahaiarena izanen da lana. Testuen eta irudien arteko egokitasuna, ideien originaltasuna eta globoetako testuen argitasun egokitasuna oinarri hartuta, epaimahaiak maila bakoitzeko lanik onena sarituko du. Urteaga liburu denak emandako bina komiki jasoko dute irabazleek. Ez dira horiek izanen saritutako bakarrak, gainerako parte hartzaileen ahaleginak ere  fruituak izanen ditu: Lehiaketara aurkeztutako lanak edo Kimak aukeratutakoak jendaurrean egonen dira otsailaren 11tik 15era Altsasuko Gure Etxea eraikinean. Ikusleek bere boza eman ahal izanen dio maila bakoitzeko lanik gustukoenari. Horren araberakoa izanen da ikusleen saria. Bi sariak, epaimahaiarena eta ikusleena otsailaren 15ean, 20:00etan banatuko dira Altsasuko Gure Etxea Eraikinean.