Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
RTVEko orkestrak Agustin Gonzalez de Aciluren Bigarren Sinfonia estreinatuko du gaur eta bihar eskainiko dituen kontzertuetan. Arturo Tamayo madrildarraren batutari jarraiki, F. Busoniren Berceuse elegiaque obrak irekiko du kontzertua. Haren atzetik etorriko da eguneko obra nagusia, musikagile altsasuarraren Bigarren Sinfoniaren estreinaldia. Soprano, mezzosoprano eta tenore bakarlariekin batera itxiko dute kontzertua RTVEko orkestrak eta abesbatzak, G. Mahleren La canción doliente obrarekin. Musika garaikidearen ordezkari bikaina da 1929an sortu zen altsasuarra. Atzera ere agerian utziko du hori datorren astean, bere Bigarren Sinfoniaren estreinaldiarekin. Tonalitate eta atonalitatearen arteko orekaAdituek 51ko generazioa kokatzen dute musikagile altsasuarra. Halffeter, De Pablo edo Bernaola dira garai horretako musikagile ezagunenetako batzuk eta Stravinski eta Bela Bartok-en musika dituzte erreferentzien artean.Soinu-errealitate berrien bilaketak markatu du Gonzalez de Aciluren ibilbide musikala. Atonalitatea da 51ko generazioaren ezaugarri nagusietako bat. Gonzalez de Aciluren obretan ordea hari fin batek uztartzen ditu musika tonal eta atonala. Altsasuarrak musika garaikideko soinu objektiboekin eta elementu kulturalaren subjektibotasunarekin jolas egiten du; bere pentagrametan bat egiten dute musika garaikideko dodekafonismo edo nota-multzoek eta idazkera tradizionalak. Aipagarriak dira ere bere ikerketa linguistikoak: Gonzalez de Aciluk inork ez bezala aztertu du hizkuntzak eta musikak bat egiteko modua, inork ez bezala integratu du hitza bere obretan eta inork ez bezala landu ditu ahotsak. Horregatik guztiagatik altsasuarrak berebiziko eragina izan du konposizio fonetikoan. Pedro Espinosa gogoan8o urte betetzear dela, musikagile altsasuarra momentu oparoan dago. Bigarren Sinfonia mustuko du datorren astean, baina, gezurra badirudi ere, hasi berri den urtean beste obra bat mustu du dagoeneko. Joan zen ilbeltzaren 9an izan zen, Madrilen, Pedro Espinosa zenaren omenezko kontzertuan. Piano-jotzaile kanariarra estimatua zen oso musikagileen artean "musika garaikidea jotzen ez zegoen haren parekorik" adierazi zuen Gonzalez de Aciluk. Altsasuko artistak lotura berezia zuen piano-jotzaile handiarekin. Hain zuzen ere berak mustu zuen altsasuarraren lehen obra, Tres movimientos izenekoa, 1965ean. Pianoarendako bere bigarren obra ere, Presencias izenekoa, harekin izandako hitzaldiaren fruitu izan zen. 1978an, berriz, piano-jotzaile kanariarrak mustu zuen altsasuarraren Concierto para piano y orquesta Iruñean eta Madrilen.