Azokarekin hitzordua, astelehenean

Guaixe 2009ko urt. 22a, 00:00

Astelehenean, 19:00etan, azokaz eta haren kokapenaz hitz egiteko bilera izanen da udaletxean. Udalean ordezkaritza duten alderdi guztiak, udaltzainak eta saltzaileen bizpahiru ordezkari bilduko dira azokaren kokapen berriaz eta dauden arazoez hitz egiteko. Garapen ekonomiko, merkataritza, turismo eta Agenda 21 batzordearen bilera izanen da.

Asteazkenean Iortia kultur gunearen aurrealdean eta Baratzeko bide plazan jartzekoa zen azoka, baina normalean jartzen diren 70 postu inguruetatik hamar bat besterik ez ziren jarri. Kultur gune aurreko plaza deskargatu gabeko saltzaileen furgonetak hartua egon zen goiz guztian.

Kexak
Azokan salmenta postua jartzen dutenek kokapen berriaren traba nagusia zama-lanak egiteko garaian ikusten dute. Saltzaileetako batek esan zigunez, kokapen berrian "ibilgailuan ekartzen dugun merkantzia deskargartu arte besteek ezin dugu postua jarri. Denok ez dugu salmenta postuetarako sarbide aukera bera. Gainera joaterakoan denak batera goaz". Saltzaileak kexu ziren postua jarri eta gero ibilgailua mugitu beharra zutelako, "eta euria egiten duenean ibilgailua bertan ez dagoenen salgai guztia busti eginen zaigu". Beste saltzaile batek esan zigunez "paper gainean dena ongi dago, baina ez da bideragarria 60 posturako tokia beharrean 40rendako dago". Beste batek fruta saltzaileen adibidea jarri zigun: "kutxa ugari ateratzen dituzte, eta haiek non sartuko dituzte?"

Saltzaileek kokapenaren inguruan iritzi ezberdinak dituzte. Guztiek ere bat egiten dute "lan postu duina" eskatzean. "Ez gara aldaketara ukatzen, baina aurreko kokapenetako baldintza berak edo hobeak nahi ditugu". Udalak saltzaileen interesak kontuan izan behar dituela adierazi dute.

Bilerak
Asteazkenean, 9:30erako, saltzaile talde handi bat Altsasuko udaletxean bildu zen. Alkatearekin bilera egiteko eskaera egin zuten, "ikus dezala ezin dela azoka jarri". Goizean zehar alkatea bitan bildu da saltzaileekin eta haien eskaerak eta kokapen berriari jartzen saltzaileek jartzen dizkioten trabak entzun zituen. Alkateak, bere aldetik azaldu zien azokaren ekainera arteko leku aldaketa udal-bilkuran hartu zela eta berak ezin zuela halako erabaki baten kontra jo. Bestalde, udaletik saltzaileei proposatu zieten salmenta postuetako batzuk, 8 edo 10, Iortia plazan jartzea kultur gune aurreko plazan tokia egiteko.

Saltzaileek, berriz, Baratzeko bide plazako etxeen ondoan postuen bi ilara jartzea eta San Juan kalera ematen duen kalearen zati bat hartzea ere proposatu zuten. Bitartean azokan postuan jartzen dutenek "beste lan egun bat ez galtzeko" udaletxean instantzia aurkeztu dute azoka Zumalakarregi plazara bueltatzeko eta gaia aztertzeko lan mahaia osatzeko. Iortia kultur gunean saltzaileek batzarra egin zuten, asteleheneko bilera prestatzeko.

Postuak
Goizeko seietarako etorri ziren dozena erdi fruta saltzaileren postuak opatuko zituen atzo azokara joan zenak. Bi arropa saltzaile, landare salmentako 2 postua, zapatari bat, alfonbra saltzaile bat eta gazta eta gatzatuak saltzen dituen postuak zeuden jarrita. Postu horietako batzuek beste salmenta postu batzuetarako pasa ixten zuten. Eguraldi hotzak, tarteka elur malutak erori ziren, jende asko etxean gelditzea ekarri zuen.