Sexu indarkeriaren kontrako protesta

Guaixe 2009ko urtarrilaren 22a

Hilaren 12an Baionan hil zen Marie Laurence Canicas. Ustez bikotekideak etxeari su emanda hil zen emakumea. Heriotza salatzeko kontzentrazioa egin zen asteazkenean Altsasuko udaletxe aurrean. Bilgune Feministak deituta 15 bat pertsona bildu ziren Sexu erasorik ez! pankartaren atzean. Ordu laurdeneko protestaldiarekin azkenaldian izandako sexu indarkeria kasuak ere salatu zituzten. Sexu indarkeria jasaten duten biktimendako aholkuak:- Erasoa gertatzear bada. Ahal izanez gero, berehala Poliziari deitu. Ertzaintzaren eta Foruzaingoaren larrialdi zenbakia da: 112.- Erasoa gertatuz gero. Konfiantzazko norbaiti kontatu jazotakoa, eta laguntza eskatu.- Zauriak edukiz gero. Gertuen dagoen osasun etxera joan, gertatutakoa azaldu eta medikuaren txostena eskatu. Txostena oso garrantzitsua da salaketa jartzeko orduan.- Zauriak izan gabe ere. Udaletako gizarte zerbitzuetan laguntza psikologikoa, juridikoa eta ekonomikoa eska dezakete biktimek.- Babesa behar izanez gero. Eskatu babes agindua polizia etxean, auzitegian edo gizarte zerbitzuetan.-Informazio gehiago. Eguneko 24 ordutan Hego Euskal Herrian eskura dago 016 doako telefono zenbakia, Espainiako Gobernuak biktimen arretarako jarritako telefonoa. Deiak ez du arrastorik uzten telefono fakturan.