Disko berriarekin Talco Italiatik Altsasuko gaztetxera

Guaixe 2009ko urtarrilaren 29a

Gaur gaueko 23:00etan, Altsasuko Gaztetxean, disko berria aurkeztuko du Italiako Talco taldeak, Maldito records-ek argitaratutako diskoa. Combat Circus eta Mazel Tov azken disko indartsuen bilketa da.Marghera-tik (Italia) datorkigun taldeak 2004an atera zuen bere lehen lana, Tutti Assolti izenekoa, eta egun Europa mailan ska-punk talderik ezagun eta indartsuenetakoa dugu. Taldearen azken lana, Mazel Tov, berrargitaratzen ari dira dagoeneko, kaleratu zutenetik hilabete eskas igaro denean. 2006an kaleratuta zuten Combat Circus diskoak arrakasta itzela lortu zuen Europan eta Hego Amerikan eta disko berriak gainditu egin du orduko marka.Talco ska-punk talde gisa sortu zen arren, denborarekin berezko estiloa sortzea lortu du, Mano Negra taldearen ohiko patchanka-erritmoak punkarekin eta skarekin nahastuz. Musika balkanikorako eta kletzmer-arekiko joera agertzen du, eta beti ditu presente kantautore italiarrak, taldearentzat ondare garrantzitsu direnak, batez ere letrei dagokienez. Bere musikak herrialde ugaritara eraman du talde italiarra, hala nola, Alemaniara, Euskal Herrira, Espainiara, Suitzara, Kroaziara, Serbiara... Garagardo gura taldearekin batera ariko diraTalco-rekin batera, Garagardo gura ska-reggae talde gaztea izango dugu gaztetxeko taula gainean. 2005ean sortu zen talde gasteiztarra eta lehen kontzertua euren hiriko gaztetxean eman zuten. Urte hauetan Euskal Herriko hainbat eskenatoki ezagutu ditu. Skarface, Ki Sap edota Mod Rockers moduko taldeekin partekatu dute agertokia. 2006ko irailean beren lehen maketa kaleratu zuten, Doble Malta, eta egun beren lehen diskoa izango den horretan dihardute lanean.