Moldaketekin azoka kokapen berriari eutsiko dio

Guaixe 2009ko urt. 27a, 00:00

Astelehenean bildu zen Altsasuko Udaleko garapen ekonomiko, merkataritza, turismo eta Agenda 21 batzordea. Udalean ordezkaritza duten alderdi guztiak, udaltzainak, azokako saltzaileen hiru ordezkari eta Baratzeko bide plaza inguruko dendari eta partikularren ordezkariak izan ziren bilkuran. Aurreko astean azokaren kokapenarekin izan ziren arazoak aztertu ziren bileran. Bitartean, azokan postua jartzen duten 15 bat saltzaile udaletxeko ezkaratzean egon ziren, bileran zeuden kideek emanen zieten berrien zain.

Saltzaileak
Proposatu zuten "eguraldi txarra dela eta kontuan izatea ibilgailuen sarrera". Saltzaileek ere adierazi zuten Baratzeko bide plazak muga "garrantzitsuak" dituela, "ez soilik zama-lanak egiteko, baita espaziokoak ere zenbait tokitan jende tapoia sortzen delako". Horrekin batera arazoak konpondu bitartean Zumalakarregi plazara aldatzera proposatu zuten. Udaltzaingoko ordezkariak, bestalde, esan zuen "egoera sorrarazi duen arazoa furgonetak ezin direla sartu da. Baina hori ordenantzan arautua dago". Udaltzainak esan zuen, ferietako esperientzian oinarrituz, "nahikoa espazio badagoela". Eta aurrekoan sortutako egoeraren aurrean Iortia plazan jartzeko aukera ere proposatu zitzaiela saltzaileei. Horrekin batera, udaltzainak nabarmendu zuen "lehen aldian zama-lanekin sortutako zailtasunak azokako saltzaileen kontrako jarrerarekin" zaildu zirela.

Aldaketak
Asteleheneko bilkuran erabaki zen azoka kultur gune aurrean eta Baratzeko bide plazan mantentzea. Hori bai, zenbait aldaketa eginez. Hala, zazpi salmenta postu Iortia plazan kokatuko dira. Horretaz gain, liburutegiaren parean jartzekoa zen postuen ilara kenduko da eta horrek pasarako bidea utziko du. Kultur gune aurrean, erdian bi postu ilara aurreikusten ziren eta bakarrean geldituko da. Pilotalekuko taberna ondoko ilaran jakiak saltzen dituzten postuak kokatuko dira. Bestalde, Baratzeko bide plazan, etxebizitza eraikinaren parean dagoen espazioan postuen bi ilara jarriko dira, bata bestearen aurrean. Lehen bakarra aurreikusi zen.

Taldeen iritziak
NaBaik azokaren kokapen berriaren probaldia egitearen alde agertu zen, baita plenoko akordioa "errespetatzearen alde". Unai Hualdek azpimarratu zuenez, kokapenaren "bideragarritasuna baloratzeko hura probatu beharra dago". Asteleheneko bileran, "guztien artean konponbiderako proposamena" bilatu zela azpimarratu zuen. Azokaren kokapen berriak "herriko establezimenduen eta biztaleendako konponbide egokiena bilatzen" saiatu dela adierazi zuen. Alderdi Sozialistak, bestalde, osteguneko bilkuran azoka Zumalakarregi plazan mantentzeko mozioa aurkeztu du.

EAE-ANV-k kokapen berrian proba egitearen alde agertu zen. Juanjo Goikoetxeak azaldu zigunez "orain artekoa ez da egokia ez auzokideendako ezinorendako". Kokagune berria "herriaren erdian egotea" nabarmendu zuen. Bileran ekarpoenak egin zituztela esan zigun, "ahalik eta modu hoberenean lan egin dezaten saltzaileek eta jendeak ahalik eta erosoen erabiltzeko".

UPN leku aldaketa erabaki zen bilkuran abstenitu egin zen. Astelehenean Maria Antonia Romanek esan zigunez, "probaldia da eta saiatu beharra dute batzuek eta besteek". Zinegotzi erregionalistak gehitu zuenez "praktikan gaizki ateratzen bada aztertu egin beharko da. Ezin da Zumalakarregi plaza baztertu. Zerbitzu ona ematen du". Hala ere, egoki baloratu zuen kokapena, "erdian dago eta sarbideak ditu". Maria Antoniak, bestalde, gobernu taldeari "gai honetan eta besteetan, planifikazio falta" leporatu zion.

Ezker Batua udal bilkuran onartutako kokapenaren alde agertu zen asteleheneko bilkuran. Arturo Carreño zinegotziak "udal bilkuran hartutako erabakiarekiko errespetu falta" egotzi zien PSNri eta UPNri. Zinegotziak esan zuenez, kokapen berriaren lehen egunean "udaltzaingoaren utzikeria egon zen azoka kontrolatzerakoan eta ordenua jartzerakoan. Kokapenaren kontra dauden saltzaileen eta zenbait alderdietako pertsonek boikoteatu ez zezaten neurriak behar ziren". Udalak hartutako erabakia "hitzez hitz" betetzearen alde agertu zen.

Beste iritzia
Hainbat altsasuarrek, dendarik, establezimenduk eta haien erabiltzaileek aurreko astean idatzia (60tik gora) aurkeztu zuten udaletxean eta azokako kokapenaren sei hilabeteko probaldiaren alde agertu ziren. Haietako hiru ordezkari asteleheneko bileran izan zen eta haiek eman zuten iritzia horrela laburbildu daiteke: "saltzaileek arauak betez eta borondatearekin, azoka hobea lor daiteke". Hala, "eskaintza zabala, zerbitzu ona eta herritarrak hornitzen duen azokaren alde" agertu ziren. Azoka "antolatua eta garbia" defendatu zuten. Aldi berean, "salmenta postuen ondoko portale eta etxeetan bizi diren pertsonekiko errespetua" eskatu zuten. Aldi berean, errespetu bera eskatu zuten "zerbitzuetako establezimendu eta lokalendako".

Horrekin batera, "postuaren neurrira mugatzea eta espaloi, estalpe, lorategi eta arbolak ez erabiltzea" eskatu zuten. Talde horren ordezkariek "ezinezkotzat jo zuten saltzaileen ibilgailua postu ondoan izatea eta eroslea autoarekin haraino joatea erosketa egitera". Zama-lanei dagokionez, haiek egoki egiteko "sarrera eta irteera orduak errespetatzea" eskatu zuten idatzia sinatu zutenek.  Azkenik, azokaren kokapen berriak "kalte" eginen diela pentsatzen duten altsasuarrei eta komertzioei "pazientzia" eskatu zieten. Aldi berean, "haien beharrak eta beldurrak kontuan izan daitezen beharrezko bideak erabiltzeko" eskatu zieten.