Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Udal liburutegira sartu eta berehala Altsasuko haurrek liburutegiaren urteurrena dela-eta marraztutako 75 kandelekin topo eginen dute erabiltzaileek. Ez daude piztuak, paperean margotuak baitaude. Hori izan da zerbitzu publiko horren urteurrena ospatzeko moduetako bat. Bestea, udalak egindako oparia: Helena Santano Cid margolari altsasuarraren koadro bat. Zure leihotik izenburua du margolanak. 2 x 2 metroko azaleran margolari altsasuarrak irudi geometrikoak margotu ditu. Aurkezpenean esan duenez, "liburutegiak leiho pila dituela kontuan hartuz, isla eta ispilu da". Helenak azaldu duenez, "liburutegia ere ezagutza leihoa da, zabaldu beharrekoa". Ikuspegi pertsonalagoa ere izan dezake margolanak, pertsonen bidezko leihoak irudikatuz. Helenak udalari esker ona azaldu dio "herriko artistak laguntzeagatik". Margolana, akrilikoa, liburutegiaren mendebaldeko paretan zintzilikatuta dago. Liburuzainak Gaurko urteurren ekitaldian Mari Luz Oiarbide eta Elena Aristorenarekin batera Nafarroako Gobernuko liburutegien ataleko buru Mari Carmen Martinez eta liburutegi zerbitzuko zuzendari Fermin Guillorme izan dira. Baita Altsasuko alkate Unai Hualde, kultura zinegotzi Arturo Carreño eta kultura teknikari Betisa Anda ere. Liburuzainek nabarmendu dute liburutegiak bere ibilbidean "Altsasuri kultur zerbitzu garrantzitsua eskaini diola hainbat liburuzainen ahaleginari esker, eta udalaren eta Nafarroako Gobernuaren kolaborazioari esker". Kokapen "bikaina harro egoteko modukoa" dela aipatu zuten, "Europako mailan baikaude bai zerbitzuari dagokionez nola herritarren erantzunari dagokionez". Liburuzainek azaldu dutenez, "liburutegia espazio guztiz demokratikoa da, eta gizarte integraziokoa". Liburuzainek Isidora Gonzalezi ere esker ona azaldu zioten, "bere lanarekin zerbitzuaren martxa onari ekarpena egiten diolako". Halako goraipamenak ezustean hartu zuen ekitaldian presente zen Isi.ZinegotziaAltsasuko Udalaren izenean Arturo Carreño kultura zinegotziak hartu du hitza. Arturok "Altsasuko herria zoriondu liburutegi zerbitzu bikaina izateagatik". Udalaren eta Nafarroako Gobernuaren laguntza eskertzeko hitzak ere izan zituen zinegotziak. Liburutegia "herriaren aurrerapenerako eta garapenerako dudagabeko motorea" dela adierazi du Arturo Carreñok. Eta aurreratu du biharko plenoan "eraikin guztiko berogailua aldatzeko diru-saila" onartuko dela.