Ezker abertzaleak udalaren langileri politika kritikatu du

Guaixe 2009ko urtarrilaren 30a

Atzo egindako agerraldian Altsasuko EAE-ANVko zinegotziak kritiko azaldu ziren udalak langileria kudeatzeko darabilen politikarekin, bai udalekoak, bai menpeko erakundeetakoak. Ezker abertzaleko zinegotziek esan zutenez "udaleko, gizarte zerbitzuen mankomunitateko eta Aita Barandiaran egoitzako langileen lan baldintzak okertzen doaz". Zinegotzi ekintzaileek adierazi zutenez kirol azpiegituretan lan egiten duten pertsonek "lan prekarietatea eta lan baldintza eskasak pairatzen dituzte". Langile horiek horrela egotearen ardura "udaleko gobernu taldeak kirol azpiegiturak pribatizatzeari" egotzi zioten ezker abertzaleko zinegotziek. Atzoko agerraldian ekintzaileek leporatu zieten udaleko gobernu taldeko kideei "langileekin ez biltzea haien eskaera eta arazoak entzun eta ezagutzeko". Zinegotziek salatu zutenez, gobernu taldeko arduradunek langileen aldarrikapenak ezagutu ondoren, gainontzeko zinegotziei jakinarazteko "hilabeteak pasa daitezke" eta "arduragabekeritzat" jo zuten. Horretaz gain, gehitu zuten langileei erantzuna ematerako "hilabeteak pasa daitezkeela". Aldeen arteko elkarrizketaren bidez lan esparrura hobekuntzak eramatearen alde agertu ziren ekintzaileak. Aldi berean, salatu zuten lan molde horrek langileak "ziurgabetasunean egotea ekartzen du eta luzatuz gero langilerian motibazio falta sor lezake". Udaleko gobernu taldearen lan egitearen aurka agertu ziren ezker abertzaleko zinegotziak, "askotan pertsona bakarrarena dena". Aldi berean, "lan baldintzak hobetuz zerbitzua hobetzearen alde" lanean jarraituko dutela adierazi zuten.