Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
"Altsasurekin lotura dut eta nere barne kezka batek herriarekin lotura duen guztia biltzera bultzatu ninduen. Pixkanaka hasi nintzen. Altsasun folklore asko dago eta harekin lotutako argazki, artikuluak eta denetarikoak biltzen hasi nintzen. Horrela egin nuen lehen liburua". Hitz horiek Begoña Salazar Romorenak dira eta bere kezka horretatik sortutako emaitza otsailean Iortia kultur gunean ikusgai izanen da. Begoñak berak esan digunez, "duela zazpi urte egin nuen bildumako lehen liburua". Altsasuren berri ematen duten egunkari zatiak, argazki zaharrak eta herriari lotutako hainbat istorio biltzen da liburu horretan. Begoñak berak eskuz eginak eta margotuak dira gainera. "Enrike Zelaiak ikusi zuen eta propaganda ederra egin zidan. Horregatik lehen liburuaren ale gehiago egiteko hainbat eskaera izan nituen". Begoñaren bilketa lanak aurrera egin du azken zazpi urte hauetan eta dagoeneko Altsasuko entziklopediaz hitz egin daiteke, 30 liburuko bilduma osatu baitu. "Gero eta lodiagoak dira" azaldu digu egileak. Guztiak eskuz eginak eta edukien ardatz Altsasu dutela. Begoñak esan digunez "hainbat etxetara joan naiz materiala eskatzen eta jendea oso ongi portatu da nerekin, gauza asko eman dizkit. Horregatik erakusketa". Iortiako kultur gunean ikusgai izanen dira 30 liburu horiek. ArgazkiakBaina Begoñak Iortiako erakusketa-gela hutsik ikusten zuen liburuekin soilik. Bere bilketa lanean opatutako bi argazkilariri laguntza eskatu zien erakusketa osatzeko. Hala, Recuerdos e imagenes de Altsasu, S XX erakusketa bisitatzen dutenek hainbat argazki ikusteko aukera izanen dute. Argazkilari horietako bat da Fernando Sayas. Iortian berak aurreko mendeko 70eko hamarkadatik 90eko hamarkadara bitartean ateratako argazkiak jarriko ditu ikusgai Iortian. Fernandok azaldu digunez bere argazkietan "festak, gaur egun egiten ez diren garai bateko lanak ikusteko aukera izanen da. Tartean gero maiatzeko azoka bihurtu ziren festa euskaroak, baserrietako bizimodua, txerriaren hiltzea eta beste, San Juan edo San Pedroko ospakizunekoak, Santa Agedako opilak nola egiten diren... kultur ekitaldiak batez ere". Fernando Morcillo zenak 1992an ekin zion argazkilaritzari eta iaz hil zen arte zaletasunak makina bat irudi hartzera eraman zuen. Bere familiak erakusketarako 40 argazki aukeratu ditu, "klasikoak". Iortian ikusgai izanen den bilduma horretan ermitak, paisaiak eta inauterietako pertsonaiei buruzko 17 argazkitako serie bat ikusgai izanen da. Paisaiei buruz haren familiak esan zuen "denetarik dago, baina elurra dutenak ere berari asko gustatzen baitzitzaion". Ihotetako argazkiei buruz aipatu digute "oso kuriosoak" direla. Gaur 19.00etatik aurrera bisitatu daiteke erakusketa.