Errenta txikienek udal tasen hobariak izanen dituzte

Guaixe 2009ko otsailaren 3a

Udal zerbitzuen tasa eta prezio publikoetan %100ko hobaria izanen dute errenta txikia duten Altsasuko familiek. Erabaki hori aho batez hartu zuen aurreko ostegunean Altsasuko Udalak. Ogasun sailak araudi itxura eman zion EAE-ANV-k egindako proposamen bati. Hala, udalaren ordenantza fiskala moldatuta gelditu da. Altsasuko Udalak onartutakoaren arabera, udal zerbitzuen tasetan eta prezio publikoetan %100aren hobaria izanen dute honako pentsiodunek: Nafarroako Gobernuaren laguntzako pentsioek, zergari lotu gabeko ezintasun eta jubilazioko pentsioek, gutxieneko diru-sarreren bermerako subsidioak, SOVITeko pentsioek eta hilabetean 624 eurotik gora egiten ez duten pentsioek.Horretarako, pentsiodunek zenbait baldintza bete beharko dituzte, besteak beste: bakarrik bizi edo familiarako karga den beste pertsona batekin, eta hilabetean 624 euro baino gehiago ez irabaztea; kopuru horri 75 euro gehituko zaizkio familia unitatea osatzen duen kide bakoitzeko; inongo ondasunik ez izatea eta ondasun eskualdaketarik eginik ez izatea. Hobaria urteko lehen hiruhilabetean eskatu beharko da eta hamabi hilerako balioko du. Udalak baldintza horiek betetzen diren ziurtatzeko hainbat neurri ezarriko ditu.MozioakAltsasuko Udalak Garzon epaileak agindutako azken atxiloketen kontrako mozioa onartu zuen. Ekintzaileek aurkeztutako testuarekin bat egin zuen NaBaik, Ezker Batua abstenitu egin zen eta PSN-k eta UPN-k kontra bozkatu zuten. Onartutako idatziaren bidez udalak atxilotuei eta haien familiei "elkartasuna eta babesa" azaldu zien. Bestalde, NaBai-ren eta Ezker Batuaren botoekin ere aurrera atera zen ekintzaileek aurkeztu eta Palestinari elkartasuna adierazten dion mozioa. Udalak Israeli boikota egiteko kanpaina babestuko du.