Azoka kokapen berrian jarraituko du

Guaixe 2009ko otsailaren 4a

Osteguneko udal bilkuran PSNk mozioa aurkeztu zuen azoka Zumalakarregi plazan kokatzeko Baratzeko bide plazara sei hilabetez aldatzeko erabakia ezeztatu nahi zuten sozialistek, baina NaBai-k, EAE-ANV-k eta NEB-IUN-k kontra bozkatu zuten. PSN-k mozioa defendatzerakoan "zuzenketa" egiteko garaia zela argudiatu zuen. Horretarako kontuan izan zituen saltzaile eta erosleen kexak eta zirkulazio arazoak. Sozialistek ere gogora ekarri zuten azokaren kokapen berrian lurpeko aparkalekua dagoela eta jabeek kezka azaldu dutela azokaren kokapenak sor ditzakeen filtrazioengatik. Horren aurrean "ardura" eskatu zuten sozialistek. BerogailuaIortia kultur guneko erabiltzaile bat baino gehiago kexatu da udaletxean kultur gunean hotz dagoelako. Arrazoia da 2003an martxan jarritako klimatizatzailea matxuratua dagoela eta ez duela behar bezala lan egiten. Aurreko neguan hasi ziren kexak aurtengo negu gogorrarekin areagotu dira. Altsasuko Udalak aurreko osteguneko bilkuran erabaki zuen 87.000 euroko diru-saila bideratzea kultur guneko berogailua aldatzera. Bestalde, Altsasuko Udalak Lurreko Telebista Digitalaren bidez ETB ikusteko aukera izatea eskatzen zuen mozioa onartu zuen. Nafarroako Gobernuari hori ahalbideratzeko neurriak eskatu dizkio udalak.