Ikurriña, herriarena

Guaixe 2009ko otsailaren 4a

Mezu hori zabaldu nahi izan zuten astelehenean hogeita bost bat altsasuarrek. Guztiek ere "ikurriñaren aldeko herri dinamika abian jartzea proposatu" zuten. Adierazi zutenez "urteak dira zenbait instituzioetatik eta hauen menpeko "aparatuetatik" gure herriaren ikurren kontrako erasoak sufritzen ditugula". "Erasoaldi" horren hainbat adibide ematearekin batera, nabarmendu zuten "herriak berak, herritar erara egiten duen oro, herriarena" dela. Azken adierazpen hori indartzeko, Altsasun urtean zehar egiten diren hainbat ekimen nabarmendu zituzten, "Santa Ageda, Inauteriak, San Pedro, maiatzeko euskal festak... guztiak ditugu ekimen herritarrak". Santa Ageda bertan dela eta, esan zuten kintoek "era naturalean eta harrotasunez janzten dituztela arropak, herriak eta herritarrek bere egin dutelako". Azpimarratu zutenez, "gauza bera gertatu da ikurriña kioskotik zintzilikatu zen lehen urtetik". Bildutako guztiek azpimarratu zuten "herritarren ekimen horiek lege eta errepresioa gainditzen" dituztela. Eta altsasuarrak "edonoren aurrean ikurriñaren aldeko defentsa herritarra gorpuztera" gonbidatuz bukatu zuten. Azaldu zutenez larunbatean ikurrinen pegatinak banatuko dituzte. Agerraldian, norberaren izenean, aurtengo kintoen erregea, Ion Ruiz eta lehen erregina izan zen Nekane Lakuntza izan ziren..