Kiroldegiko monitoreek ez dituzte kontratuak berritu

Guaixe 2009ko otsailaren 5a

Astelehenean kontratua bukatu zitzaien Zelandi kirol guneko bost monitoreei. Haiek erabaki dute haien kontratua berritzeari uko egitea. Monitoreetako batek esan digunez "ez gara nahi dugulako joan, egoera oso prekoarioa zelako baizik".  Monitoreak udalarekin bildu ziren eta "lan egiteko nahia" azaltzearekin batera konpromisoa eskatu zioten udalari. Bitartean, bostek utzitako tokia enpresa kudeatzaileak Valentziatik ekarritako hiru monitorek bete dute. Kontratua berritu ez duten monitoreek zabaldutako ohar baten bidez jakitera eman dutenez, Zelandi kiroldegiko langileek Nitram Pool enpresak lan hitzarmena betetzen ez zuela eta egoera "konpontzeko asmorik ez zuela" ikusita, langileek ilbeltzaren 29rako eta otsailerako lanuzte partzialak deitzea erabaki zuten. Antza, egoera bideratu zen, baina monitoreak enpresako zuzendaritzarekin bildu ziren otsailaren 2an haien kontratuak bukatzen zirela jakinarazteko eta "gure lan egoera hobetuko ez zela jakinik, ez genuela kontratua berrituko".EskaerakMonitoreek ilbeltza hasieran enpresari dagoeneko jakinarazi zioten zertan hobetu nahi zituzten lan baldintzak. Soldatari dagokionez, zuzenduak diren klase guztietan soldata gordina 9,5 eurotik 18 eurora igotzea eta soldataren egokitzapena egin arte emandako klaseengatik atzerapenak ordaintzea eskatzen dute monitoreek. Zehaztu dutenez, "iaz arte hori ordaintzen ziguten eta Nafarroako bataz bestekoa hori da. Beraz ez gara gehiegi eskatzen ari". Azaldu digutenez, "kiroldegia urrian zabaltzekoa zen, baina azaroan zabaldu zen. Ordurako beste batzuei ezetza esana genien. Hau hartzea edo lanik gabe gelditzea zen". Monitoreek ere enpresari urte guztirako egonkortasuna eskatu diote. Zehaztu dutenez, "lau hilabetez lan egin gabe egon gaitezke, horregatik eskatzen dugu lan egonkortasuna". Horretaz gain, klaseak emateko materiala eskatu dute monitoreek, "pixkanaka-pixkanaka handitu da". Orain arte monitore bakarrak zuen lanaldi osoa, gainontzekoek partziala zuten. Beste eskaera bat egin zuten: monitoreekin kontrastatzea lan orduak baita klaseen eta jardueren antolaketa ere. Monitoreek zabaldutako oharrean diote enpresarendako soldata igoeraren puntua ez beste guztiak negoziagarriak zirela. Monitorek azaldu dute "lanpostua lan baldintza duinetan mantentzeko borrokan" jarraituko dutela. Hala, asteartean, udala eta kiroldegiko enpresa kudeatzaileak bilera egin zuten egunean, udaletxe aurrean elkarretaratzea egin zuten 50 bat pertsonak, "kaleratzeen" kontra eta konponbidea eskatuz.Astearteko bilkuran kiroldegia kudeatzen duen enpresan lan egin zuen langile bat ere izan zen. Haren esan zuenez, bi hilabete eman zituen lanean eta ondoren kanporatua izan zen. Kexu azaldu zen "oraindik ere" lan egindakoa kobratu ez zuelako. Azken bilkuraAsteazkenean monitoreak enpresarekin bildu ziren. Esan digutenez, "aldarrikapenak pila bat jaitsi genituen. Gutxienekoarekin joan ginen, ezin baikenuen gehiago jaitsi". Monitoreek esan digutenez, enpresak ez zuen eskaintza onartu. Monitoreek azaldu digutenez "gure partetik ahal den guztia egin dugu, orain enpresaren eta udalaren esku dago guztia". EnpresaNitram Pool enpresatik adierazi digute kontratua berritu ez duten monitoreen ordezkoak ekarri dituztela, "zerbitzua mantentzeko. Udalarekin eta erabiltzaileekin konpromisoa hartua dugu. Erabiltzaileek ahalik eta gutxien nabaritzeko ekarri ditugu. Behin behineko neurria da". Bestalde, enpresak dio Nafarroako sektoreko lan hitzarmena betetzen dela eta argudiatu dute "lan baldintzak eta kontratuak elkarren adostasunarekin egin ziren, jasoko ziren soldatak jakinda". Bestalde, enpresak dioenez langileei "helburuen araberako pizgarri sistema bat eskaini diegu, diru-sarrerak ahalbideratzen duenean ezarriko litzatekeena. Haiek zehaztera gonbidatu ditugu baina uko egin diote". Enpresako ordezkariek diote langileek badakitela "langile gastuak diru sarrerak baino handiagoak direla". Eta gehitu dute "zabaldu eta hiru hilera soldatak igotzea ezinezkoa dela, ez dakigulako nola funtzionatuko duen azpiegiturak". Enpresak, bestetik, monitoreei "beharrezkoa duten materialaren zerrenda egiteko eskatu" omen die.  Horrela, gogora ekarri du jardueren koordinatzaile bat dagoela eta harekin lotu behar direla ordutegiak, klaseen banaketa eta bestelakoak. Enpresak dio monitoreek ez dutela harekin hitz egin. Azkenik, monitoreen lan egonkortasunaz enpresak dio "produktibitateak ekarriko" duela. Gehitu duenez, produktibitate gutxi dagoen uda sasoia oporretara bideratua dago.