Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Zelandi kiroldegiko bost monitoreen egoera salatuz Altsasun jarri diren kartelak direla eta, NaBai-k adierazi du "informazioa erdizka eman edo manipulazioak direla". Koalizioak argitu nahi izan du "EAE-ANV-ren abstentzioarekin, udalaren gehiengoak erabaki du Zelandi kirol gunearen kudeaketa enpresa batek egitea". NaBai-k esan duenez, "kudeaketa ereduarekin iritzi ezberdina izan daiteke. Baina ezin dugu onartu NaBai-ren kontra egiteko guztia balio izatearen politika. Langileen zati bat erabiliz kudeaketa ereduaren kontra prestatutako operazioa da, politikoki min egiteagatik erabiltzaileei kalte handia egin diezaiekeena". Aldi berean, NaBai-k gogora ekarri du baldintza zerrenda zehatza bete behar duela kudeaketaz arduratzen den enpresa, eta alderdi guztiak presente dauden jarraipen batzorde bat dagoela, "hala, talde guztiak era berean kudeaketaren arduradun gara". Koalizioak argitu du baldintza zerrendaren arabera langileen eta enpresaren artean zehaztu behar direla lan harremanak. Zehaztu dutenez "udalak bermatu behar du eta exijituko du baldintza zerrendan jasotzen diren klaseak ematea erabiltzaileei". Koalizioak gehitu du Zelandi kiroldegiko langileen lan kontratuak "duela bi hilabete sinatu ziren Nafarroako kirol azpiegituren lan hitzarmena kontuan izanda". Na-Bai-rendako "zilegiak" dira bost monitoreen aldarrikapenak.