Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Gaurtik hasita larunbata bitartean pistako Espainiako Txapelketa jokatuko da Mallorcan. Denera 23 titulu jarriko dira jokoan. Nahiz eta orain arte Nafarroako selekzioarekin jokatu, Hodei Mazkiaran altsasuarra Euskadiko selekzioarekin arituko da. Gogoratu Mazkiarani iazko ekainean despeditu zitzaiola Reyno de Navarra taldearekin zuen kontratua, eta nahiz eta talde nafarrak bertan jarraitzeko proposamena egin, Mazkiaranek nahiago izan zuen Cespa-Euskadi talde profesionalaren eskaintza onartzea eta bertan dago ordutik. Gainera, Mazkiaranek Altsasu utzi eta Usurbilen jarri zuen bizitokia, eta horregatik lehiatuko da, hain zuzen, Euskadiko Txirrindularitza Federazioarekin. Mazkiaran bera izanen da, Euskadiko bere taldekide Leire Olaberria eta Asier Maezturekin batera, Espainiako Txapelketako dominak jasotzeko faboritoetako bat. Izan ere Hodei Mazkiaran 23 urtez azpikoen artean lehiatuko da, eta altsasuarra da adin horretakoen artean erreferentzia nagusia. Iazko txapelketetan hiru urrezko domina jaso zituen altsasuarrak, abiadura proban, kilometroan eta keirin diziplinetan. Aurten ondorengo probatan lehiatuko da altsasuarra: kilometroan, abiaduran, taldekako abiaduran eta keirinean.