Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Gaur irekiko ditu ateak Madrilgo ARCO feriak. 34 herrialdetako 238 arte galeria espero dituzte antolatzaileek. Horien arteko hiruk bi sakandarren lanak eramanen dituzte Madrilera: Bilboko Windsor kulturgintza galeriak Dora Salazarren brontzezko eskulturak eramanen ditu; Iruñeko Moises Perez de Albeniz eta Bilboko Vanguardia galeriek, berriz, Txuspo Poyoren bideoartea aukeratu dute Madrilerako. Eskenatoki berria mustuko du ARCOk edizio honetan: Ifemako 6, 8 eta 10. pabilioian egonen da. Hilaren 13tik 16ra irekiko da jende ororendako.Espainiako arte garaikidearen erakusketa ospetsuena da ARCO. Edizio honetan India izanen da gonbidatutako herrialdea. Bertako galeriek ekarritako 50 bat artisten lanek ikusmin handia sortu dute. Munduko merkatu berri garrantzitsuenetakoa da India eta horrek hango artista berrien bila jarri ditu Londres nahiz New York-eko galeria prestigiodunenak.Krisia da aurtengo edizioaren alde beltza. Egoera ekonomiko txarraren beldur, galeria batek edo bestek egin du atzera. Gainera, artista gazteenak kexu dira, krisiaren aurrean, galeriek apustu segurua egin eta izeneko artisten lanak aukeratu dituztelako. Dorak eta Txuspok ez dute horrelako arazorik eduki, atzetik ibilbide oparoa duten artistak baitira. ARCO azoka dagoeneko urteroko hitzordu bihurtu da bi sakandarrendako.