Hiru urre Hodei Mazkiaranendako Pistako Espainiako Txapelketa

Guaixe 2009ko otsailaren 9a

Hodei Mazkiaran txirrindulari altsasuarrak lan borobila egin du asteburuan Mallorcan jokatutako Pistako Espainiako Txapelketan, urrezko hiru domina jaso baititu. Cespa-Euskadi talde profesionalean dabil altsasuarra uztailetik hona, eta bizitokia Usurbilen jarri duenez, Euskadiko Txirrindularitza Selekzioarekin dago lehian.Cespa-Euskadi taldeko bost txirrindulariek - Leire Olaberria, Ana Usabiaga, Unai Elorriaga, Iban Leanizbarrutia eta Hodei Mazkiaran - eta Berritz belodromoa taldeko Eneritz Iturriaga, Jon Baztan eta Illart Zuazubiskarrek osatu dute Euskadiko Txirrindularitza Federazioaren selekzioa. Txapelketako talde onena direla erakutsi dute, guztira urrezko bederatzi domina (23 zeuden jokoan), zilarrezko bost eta brontzezko bost ekarri baitituzte. Aipatzekoa da Leire Olaberriak egindako lana, urrezko lau domina eta zilarrezko bat batu baititu. Kontentu23 urtez azpikoetan lehiatu da Hodei Mazkiaran, eta bertako erreferentzia nagusia zen, faborito argia. Iazko txapelketan hiru domina lortu zituen - abiadura proban, kilometroan eta keirinean - , eta aurten kilometroan, abiaduran, taldekako abiaduran eta keirinean lehiatu da. Iaz bezala, hiru urrezko domina jaso ditu, hain zuzen ere, iazko proba berberetan. Abiaduran, kilometroan eta keirinean azkarrena izan da altsasuarra, hiru urrezko domina jasoz. Kilometroko proban erregistro onena izan zen Hodeirena (1´05´´1). Abiadurako proban (200 m) ere denbora onena egin zuen altsasuarrak, eta baita keirinean ere. Azken bi probetan Nafarroako selekzioko Juan Peralta txirrindularia gainditu zuen altsasuarrak, lan ederra eginda. Gutxinaka-gutxinaka bere sasoi betera heltzen ari da Hodei; ea martxoaren 25etik 29ra jokatuko diren Poloniako Mundialetan heltzen den sasoi horretara. Hodei Mazkiaranek adierazi duenez, oso kontentu dago egindako lanarekin. "Espero baino hobe atera zait dena" azaldu du altsasuarrak. Asteburuan Munduko Kopako azken ekitaldiraPistako Munduko Kopako bosgarren eta azken ekitaldia jokatuko da asteburuan Ballerupen. Hodei Mazkiaran altsasuarra bertan izango da, Espainiako selekzioko Alvaro eta David Alonso, Sergi Escobar, David Muntaner, Unai Elorriaga, Eloy Teruel, Toni Tauler, Carles Torrent, Gema Pascual, Débora Gálvez eta Ana Usabiaga taldekideekin batera, Salvador Cabeza de Vaca selekzionatzailearen aginduetara. Espainiako Txapelketan lan itzela egin eta gero, ikusteko dago ea Hodei Mazkiaranek keirinean mundialetarako bigarren plaza lortzerik baduen, Jose Antonio Escuredok aurretik lortua baitauka. Abiadura proban lehiatuko da Mazkiaran.