Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Hala jakinarazi zuen larunbatean Espainiako Barne Ministerioak. Iturri beraren arabera Guardia Civilak aurrera eraman duen Algavar operazioak "narkotrafikoan aritzen zen talde antolatu bat desegin du". Barne Ministerioak zabaldu duenez Guardia Civilak 13 pertsona atxilotu zituen operatibo horren barruan eta, besteak beste, "purutasun handiko" 10 kilo kokaina atzeman dituzte. Guardia Zibilak atxilotuen artean hiru gizon altsasuar daude. Haietako bat eguberri egunean atxilotu zuten Madrilen. Inuxenteen egunean bigarren atxiloketa egin zuen Guardia Civilak eta operazio horren barruan kokatutako azken atxiloketa duela hiru aste egin zuen. Zabaldutako informazioaren arabera, Guardia Civilak irailean Iruñean egindako atxiloketa batekin abiatu zuen Alvagar operazioa. Ondoren ikerketa Madrila, Bartzelonara eta Toledora zabaldu omen zuen. Guardia Civilaren arabera aurreneko bi komunitate horietan jarduten omen zuen taldeak eta Nafarroan azpiegitura "garrantzitsua" zuen. Ikerketako iturrien arabera talde horrek Hego Ameriketatik hegazkin bidez sartzen zuen droga estatuan. Toledon beharrezko tratamendua egin eta gero beste erkidegoetara zabaltzen omen zuten haietan banatzeko.