Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Osasun arloko profesionalek dituzten lan baldintza txarrek Altsasuko osasun etxeko zuzendariaren dimisioa ekarri zuen duela bi urte. Orduz geroztik Osasunbidea alferrik saiatu da ordezkoen bila. Nafarroako Osasun Zerbitzuaren itxaropena omen da zaintzak egitera Altsasura etorriko den medikuetako batek kargua hartzea. Bitartean, dagoeneko bi urte bete dira Osasun Kontseiluaren bilerarik gabe. Arrazoia da idazkariak deitu behar duela bilera, hau da, Altsasuko osasun etxeko zuzendariak. Gizarte Ongizateaz arduratzen den zinegotziak ere dei dezake bilera. Kargu hori du Mari Jose Notario zinegotzi sozialistak eta berak azaldu digunez, "zertaz hitz eginen dugu bileran zentroko profesionalak ez badaude haien lekukotza emateko, osasun etxean gertatzen ari dena kontatzeko. Zentroko profesionalak dira benetako arazoak transmititu behar dituztenak. Haiek ez badaude, Nafarroako Gobernuaren ordezkariak dena ongi dagoela esanen du". Mari Josek argitu digunez, "kargua hartu nuenetik nago harremanetan Osasunbidearekin. Behin baino gehiagotan eskatu diet kanpo-zuzendari bat jartzeko edo bestelako neurriren bat hartzeko. Horrela Osasun Kontseiluaren bilera deitu zitekeen". Zinegotzi sozialistak esan digunez, "Iruñetik ez da baliabiderik jarri halakorik egiteko". Hala ere, Notariok gaia "azkar" bideratuko denaren esperantza azaldu digu.Osasun kontseiluan udalean ordezkaritza duten alderdiak, osasun arloko langileen ordezkariak eta beste arloetako ordezkariak biltzen dira eta, besteak beste, osasun zerbitzuen hobetzearekin zerikusia duten gaiak lantzen dituzte.