Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Duela bi aste Altsasuko Udalak pasadizokoen aterpetxeko bi geletako bat itxi behar izan zuen. Denboraleak gelako teilatua kaltetu zuen eta erortzeko arriskua zegoenez Altsasuko Udalak egoki jo zuen hura ixtea. Horrek pasadizokoen aterpetxeko zerbitzua erdira murriztu du. Hau da, gaua pasatzeko zortzi ohe eskaini beharrean lau eskaintzen dizkie pasaeran daudenei. Mari Jose Notario zinegotziak ziurtatu duenez "arazoa serioa" da. Notarioak nabarmendu digunez "Nafarroako Gobernuak ez digu kamineroen etxea ematen eta gaiak lehenbailehen konponbidea behar du". Konponbiderako premiarako bi arrazoi eman ditu zinegotziak: "batetik, gero eta erabiltzaile gehiago dago. Bestetik, Gizarte Gaietarako Departamentuak udalari aterpetxea legedira egokitzeko 18 hilabeteko epea eman zion eta ekainean despeditzen da".Altsasuko Udalak behin baino gehiagotan azaldu du pasadizokoen aterpetxea kamineroen etxean jartzeko nahia. Jakina da gaur egun Kaputxinoen komentuko egoitzak ez dituela gutxieneko baldintzak betetzen eta Gizarte Zerbitzuen Departamentuak ezarritako baldintzak kokapen hartan betetzea ezinezkoa dela. Aldaketa egiteko Nafarroako Gobernuaren Ondare Zerbitzuaren erabakiaren zain dago udala.