Azokaren kokapen berriko lehen egunean "sen onarekin" jokatu zuela dio Udaltzaingoak

Guaixe 2009ko otsailaren 12a

Ilbeltzaren 21ean mustu zuen Altsasuko azokak bere kokapen berria. Lehen egun hartan ez ziren postu gehienak jarri eta nahikoa gora behera izan ziren, gerora bideratu zirenak. Ilbeltzaren 30eko Guaixe astekarian Ezker Batuak adierazi zuen lehen egun hartan Udaltzaingoaren "utzikeria" egon zela "azoka kontrolatzerakoan eta ordenua jartzerakoan".Altsasuko Udaltzaingoak, ohar baten bidez, Ezker Batuak esandakoa ukatu du. Aldi berean, nabarmendu dute "betearazi behar dugun erabaki politiko batek sortutako gatazka baten aurrean sen onarekin" jokatu zutela. Udaltzainek azaldu dutenez, "saltzaileak postuak jartzera ukatu ziren, giroa bero zegoen. Saltzaileek haien nahiak betetzeko hainbat alternatiba proposatu zituzten. Une hartan Udaltzaingoa alternatiba haiendako konponbidea bilatzen ari zen". Udaltzaingotik adierazi dutenez, "polizia batek urteekin bere lanean arazoen aurrean arrazoitzen ikasten du, baita egoera gatazkatsuak gehiago ez okertzeko jokabidea ere".  Udaltzaingotik kritiko azaldu dira Ezker Batuarekin "prentsan adierazteagatik espediente bat zabaltzeko arrazoia izan daitekeen zerbait". Udaltzainek gaineratu dute ezkerreko koalizioak "ez duela ezer egin gertatutakoa udalean eta langileria batzordean argitzeko. Ardurak argituz". Udaltzaingotik, aldi berean, Ezker Batuari eskatu diote "zentzuz jokatzeko bere lana ahalik eta hobekien egiten saiatzen den langile baten inguruan balorazioak edo adierazpenak egiterakoan". Udaltzaingoak egun bizi duen egoera gogora ekarri ondoren, (gaueko txandarik ez eta lan txanda bakoitzeko agente bakarra 7.500 biztanleko herri baterako) nabarmendu du ez direla gai "herritarren eskaerei erantzuten dien zerbitzu egokia emateko". Ezker Batuari egoera hori konpontzeko ezer gutxi egin izana leporatu diote.