Hitza berreskuratuta, komikiak jendaurrean

Guaixe 2009ko otsailaren 12a

Altsasuko Kima Euskara Taldeak erronka berria jarri zien herritarrei joan zen hilean: komiki mutua lehiaketa. Bertan, parte hartzaileek Jose Mari Morcillo, Morkots, komikigilearen irudiei izenburua eta testua jarri behar zieten. Lehiaketaren balorazioa egiteko garaia iritsita, pozik agertu da Altsasuko euskara taldea: "Erantzun ederra jaso dugu. 189 lan aurkeztu dira lehiaketara". Hiru adin talde bereiztu zituzten antolatzaileek: 9-11 urtekoena (A maila), 12-16 urtekoena (B maila) eta 16 urtetik gorakoena (C maila). Lehen maila horretan izan du arrakasta handiena, 99 parte hartzailerekin. Gertu ibili dira B mailan, 83 komikirekin. Helduen mailan 7 lan aurkeztu dira. Kima euskara taldeak epaileen esku utzi ditu lan guztiak eta asteburuan emanen dute jakitera haien erabakia. Maila bakoitzean sari bana emanen da. Asteburuan erakusketa eta sari banaketaHitza berreskuratu dute komiki mutuek eta, pozaren pozez, jendaurrean jarri izan dute. Kima euskara taldeak Altsasuko Gure Etxea eraikinean egin die lekua. Larunbat arratsaldean zabalduko da erakusketa, 19:30ean eta irekita egonen da 21:00ak arte. Domekan,  goiz eta arratsaldez ikusi ahal izanen da, 13:00etatik 14:30era eta 19:30etik 21:00etara. Ondoren erakusketa asteazkenera arte bisitatu ahalko da, 19:30etik 21:00etara. Bisitariek gogoko komikiaren alde boza emateko aukera izanen dute. Horrek erabakiko du ikusleen saria. Kima pozik dago lehiaketarekin, hari esker parte hartzaileek euskara modu ludikoan erabiltzeko aukera izan baitute. Euskararekin gozatzeko aukera berria izanen da erakusketa. Altsasuko taldeak eskerrak eman dizkie Altsasuko ikastetxe guztiei, Urteaga liburu-dendari, Altsasuko Udalari eta Sakanako Mankomunitateari, "esperientzia hau posible egiteagatik".