Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Altsasuko Kima Euskara Taldeak antolatu duen komiki mutua lehiaketak baditu sarituak. Jose Mari Morcillo, Morkots, komikilari altsasuarraren irudi mutuei testua eta izenburua jarri behar zieten parte-hartzaileek. 189 lagun azaldu dira erronka horri erantzuteko prest, 99 A mailan (9-11 urte), 83 B mailan (12-16 urte) eta 7 C mailan (16 urtetik gora). Epaimahaiak lehiaketara aurkeztutako lanak aztertu ondoren maila bakoitzeko komiki onena zein den erabaki du. Guztiek Urteaga liburu-dendak emandako sariak jaso dituzte. A mailan Markel Galbete Arnanz olaztiarrak irabazi du saria Mendizale amorratuak lanarekin. Epaileek honako arrazoia eman dute: "ideiak ondo mantendu ditu irudi ezberdinen artean, irudien arteko trantsizioen egituraketa ere landua da. Bestalde, hizkuntzaren kalitatea nabarmentzekoa da eta orokorrean sormen maila handikoa da". Sari gisa Irati. Saiak (Joxean Muñoz eta Juan Luis Landa. Ikastolen elkartea) eta Pizti otzanak (Harkaitz Cano eta Iñaki G. Holgado. Ikastolen elkartea) komiki albumak jaso ditu. Galduta lanak B mailako saria eman dio Leire Zabalo Imaz olaztiarrari. Epaileendako "hasieratik bukaeraraino ondo loturiko istorioa duelako, sorturiko ideiekin eta, aldi berean, irudiekin. Testu osoa zipriztindu du umorez eta bukaera ondo borobildu du". Unai Busturiak eta Julen Ribasek sortutako Numenak. Aita eta Numenak. Alaba (Saure editoriala) albumak jaso ditu sari gisa Leirek.C mailako saria Krisiaren ondorioak lanak eskuratu du. Haren egileak AEK-ko ikasle taldea dira: Mariam Carrasco, Matias Rayo, Patxi Rabaz, Pedro Beraza, Juan Angel Beraza eta Mertxe Alonso. Epaileek azaldu dutenez, "gaurkotasunarekin duen lotura ironikoagatik eta irudien arteko joskera dotoreagatik eta hizkuntzaren erabilera egokiagatik" eman diote saria. Irabazleek Patxi Gallegoren Pololoak I. Poxpolinaren lurrina eta Pololoak II. Poxpolinaren bahiketa (Elkarlanean) komiki albumak eskuratu dituzte. Kima Euskara Taldeak pozik hartu du egindako eskaintza berriak jaso duen erantzuna. Esker ona azaldu die parte hartu duten guztiei. Lehiaketara aurkeztutako lanak asteazkenera arte ikusgai egon dira Altsasuko Gure Etxean. Horretaz gain, lehiaketara aurkeztutako lan guztiak, aurki, www.altsasukokima.com webgunean ikusgai izanen dira.