Ihoteak garai aproposa dira gorputza mugimenduan jartzeko. Horretarako aukera paregabea emanen digu bihar, 23:00etan, Betagarri taldeak Altsasuko gaztetxean. 16 urteko ibilbide luzea egin du Gaistezko taldeak eta urte horietan guztietan gora egin du pixkanaka. "Gurea ez da bat-bateko arrakasta, uda bateko boom-a izan" adierazi zuen Unai BELEIXE irratian, "txoznetan eta gaztetxetan hasi eta, gutxina-gutxinaka gora egin dugu". Belaunaldi batekin hasi eta haien ohiturak aldatuta, "beti lortu dugu belaunaldi berriekin konektatzea" esan zuen, "hori izan da gure sekretua". Urte horiek guztiek askorako bidea eman dute, 8 disko arrakastatsu eta milaka kontzertu Euskal Herrian, Katalunian eta baita Europa iparraldean, Ameriketan eta Japonian ere. Aurten gainera haiek izan dute Korrikaren abestia egiteko ardura. Pozik daude lortutako emaitzarekin. Urtetako esperientzia ondoren, Betagarri taldean giro ona jartzen adituak dira. "Sakanakoa plaza ona da gainera" esan zuen Unaik. Ezin galdu bada, haiek zuzenean ikusteko aukera.