Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Asteburuan Pistako Munduko Kopako bosgarren eta azken ekitaldia jokatu zen Danimarkako Ballerupen. Espainiako selekzioaren barruan Hodei Mazkiaran altsasuarra (Cespa-Euskadi) izan zen lehiatzen. Besteak beste altsasuarra keirinean aritu zen, eta lan itzela egin zuen, keirinerako finalerako sailkatzeaz gain - meritu handia, hasierako sailkapena ez baitzuen pasa eta errepeskan edo bigarren aukeran lortu zuen pasea - , finalerdietan hirugarrena izan baitzen. Larunbatean jokatutako final handian zilarrezko domina lortu zuen Hodeik, munduko jokalari onenekin lehiatu eta gero. Kevin Sireau frantziarra gailendu zen guztien gainetik, eta bigarrena Mazkiaran izan zen, atzean zeuden Chris Hoy eta Ross Edgar britainiarrek erorikoa izan eta gero. Hodeiren garaipena ez da kasualitatea, Manchesterren brontzezko domina lortu baitzuen keirinean. Gainera, lortutako emaitza bikain horrekin martxoaren bukaeran Poloniako Pruszkow herrian jokatuko diren Munduko Txapelketetarako plaza lortu du Altsasuko pistardak. Aipatu Mundialak prestatzeko lehendabiziko kontzentrazioa otsailaren 23tik 27ra eginen dute txirrindulariek. Bestalde, igandean 200 metroko abiadura proban aritu zen altsasuarra eta bezperako esfortzua asko nabaritu zitzaion, ez baitzuen probako lehendabiziko sailkapena pasa.