Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Nafarroako Gobernuak asteleheneko bilkuran adostu zuen 187.680 euroko bermea ematea Altsasuko Mufabrik SL enpresari. Hau da, aurreikusitako 312.800 euroko inbertsioaren % 60. Bermea Sonagar (Sociedad Navarra de Garantía Recíproca) sozietatearen bidez emanen du gobernuak. Nafarroako ekonomia suspertzeko neurrien barruan kokatu du erabakia gobernuak. EnpresaMufabrik SL enpresa 3 anai-arrebek sortu zuten 1999an. Ondarria industrialdean dago lantegia. Hasiera hartan hirurek eta langile batek ekin zioten jarduerari. Automobilgintzaren sektoreko enpresa da hasiera-hasieratik. Gaur egun hamar langile ditu, gehiago izan badituzte ere. Enpresako kudeatzaile Maria Muñozek azaldu digunez "gehiago izan ditugu, baina sektorean bizi den krisiak eragina izan du". Maria Muñozek azaldu digunez "automobilgintzako sektorearen etorkizuna ez da oso argia eta, sektore hori utzi gabe, dibertsifikatzeko aukera ikusi dugu". Hala, Mufabrik, krisiak eraginda bezero posibleekin harremanetan jarri zen. Mariak azaldu digunez "haietako batek haize-energiaren arloko pieza bat egiteko eskaera egin zigun". Pieza hori egiteko "makina berezia" behar zuen Mufabrik eta hura eskuratzeko kreditu eske bankuetara jo zuen, alferrik. Mariak azaldu digunez, "bankuek iturria itxita zuten eta Nafarroako Gobernuaren erabaki hau primeran etorri zaigu. Horrelako bermearekin orain bankura joatea errazagoa izanen da". Mariak esan digunez, "kasualitatea da halako bermea jasotzen dugun lehenak gu izatea, gehiago etorriko dira". Bitartean, Mariak berak jakinarazi digu urte bukaeran hiru ziurtagiri berritu zituztela: kalitatezko ISO 9001, 14.001 ingurumen ziurtagiria eta lan arriskuen eta segurtasunaren prebentzioko OHSAS 18.001 ziurtagiria. Aval NavarraNafarroako Parlamentuak ekonomia suspertzeko eta krisiaren aurka borrokatzeko plana (2009-2011) onartu zuen azaroaren 6an, Foru Lege baten bidez, eta Aval Navarra plan horren baitan dagoen neurria da. Neurria Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Alderdi Sozialistak hitzartu zuten.Bermeei dagokienez, enplegua sortzeko inbertsioei sostengua ematea eta enpresa txiki eta ertainetarako kostu eta epe egokiak dituen finantzaketa bultzatzea dute xede, gaur egun maileguak lortzeko zailtasunak daudela kontuan hartuta. Horretarako, Nafarroako Gobernuak eta Sonagar sozietateak hitzarmena izenpetu zuten 2008ko azaroaren 25ean, eta hari jarraiki, sozietateak azterlan teknikoak eginen ditu, kasu bakoitzean bermea ematea komenigarria ote den edo ez ikusteko; gainera, enpresei bermeak emanen dizkie, Nafarroako Gobernuaren azpi-bermearekin.