Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Atzo Andaluziako Itzuliko-Ruta del Sol lasterketako lehen etapa jokatu zen, La Guardia eta Humilladero arteko 169 kilometrokoa. Euskaltel taldeko Mikel Nieve leitzarrak erakustaldi bikaina eman zuen, atzo 147 km eman baitzituen ihes eginda. Lehenik eta behin Vacansoleil taldeko L´Hotellerie frantziarrarekin jo zuen erasoa, 22. kilometroan, baina berehala Oscar Guerrerok zuzentzen duen Contentpolis-Ampo taldeko Dioni Galparsoro eta Serramentiko Maté txirrindulariak batu zitzaizkien, eta 139. Kilometroan Fujiko Jufré. 3 minutu eta 40 segundoko aldea atera zioten tropelari, baina esprinterren taldeak lanean hasi ziren eta helmugarako 8 km-ren faltan harrapatu egin zituzten. Etapa Katusha taldeko Danilo Napolitanok irabazi zuen esprintean, Shimanoko Veelers eta Silence Lottoko Roelandts txirrindularien artean gailenduz. Euskalteleko Jorge Azanza altsasuarra 39.a heldu zen helmugara, 3 segundora. Sailkapen orokorrean Rabobankeko Posthuma da liderra (4:40:17). Jorge Azanza altsasuarra 46.a da, 33 segundora. Gaur bigarren etapa jokatuko dute Vegas de Genilen hasi eta Cordoban despedituko dena.