Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Euskadi-Congo elkarteak abendu hasieran dozena erdi edukiontzi jarri zituen Altsasun, Udalaren baimenarekin eta kokapenerako aholkuarekin. Kolore urdinekoak dira, eta metalezkoak. Horietan erabilitako arropa eta oinetakoak sar ditzakete altsasaurrek. Euskadi-Congo elkarteko ordezkari Kosi Kuebok esan digunez, "altsasuarren kolaborazioa ona da eta pixkanaka-pixkanaka ari gara biltzen". Jasotako arropa Lemoan duen pabilioira eramaten du Euskadi-Congo elkarteak. Han, sailkatu eta egokiatzat hartzen dutena Congora bidaltzen dute. Arropa baliagarriaren zati bat saldu ere egiten dute, elkartearen gastuei aurre egiteko, "bilketa lana egiteak kostu bat duelako, furgoneta, gasolina" argitu digu Kosik. Elkarteko ordezkariak azaldu digunez, "baliagarria ez den arroparekin trapuak egiten ditugu eta gainerakoa hondakinen enpresa bati ematen zaio". EdukiontziakKosik azaldu digunez 20 urte baino gehiago ditu elkarteak, eta 200 bat bazkide. Arropa eta oinetakoen bilketa aspaldi hasi zuten. Elkarteko ordezkariak gogora ekarri du ondokoa: "garai batean portaletan papertxo batzuk jartzen genituen bilketa egitera noiz pasako ginen abisatzeko. Baina beste erakunde batzuk edukiontziak jartzen hasi ziren eta guk ere egoki ikusi genuen bide hori". Altsasurekin batera, elkarteak Ugaon, Laudion, Orozkon eta Igorren jarri ditu edukiontziak, oraingoz. Guztira 17. Kosik aurreratu digunez, "aurki Etxarri Aranatzen bizpahiru edukiontzi jarriko ditugu, udalak baimena eman baitigu". Bitartean, Euskadi-Congo elkarteak Hego Euskal Herriko diputazioetara jo du haien bidez udaletara iritsi eta edukiontziak jartzeko baimenak eskuratzeko. Kosik azaldu digunez "haiek arropa hondakintzat hartzen dute. Guk erabilera ematen diogu eta gainera etorkinendako bizibidea ematen du. Guztia dohainik". Kosik harro aipatu du "kongotarren komunitatea ongi finkatu" dela "herri langilea garelako". Euskadi-Congo elkartean interesa duten erakundaek edukiontzietan agertzen diren telefonoen bidez jar daitezke harremanetan elkartearekin: 686 759 599 edo 670 873 589.