Behin-behineko konponbidea pasadizokoen aterpean

Guaixe 2009ko otsailaren 18a

Altsasuko Udaleko obra-lantaldeak gutxieneko konponketak egin ditu pasadizokoen aterpetxeko teilatuan eta horrek arriskuagatik itxita zegoen gela berriro zabaltzeko aukera eman du. Jakina denez, ilbeltza akaberako denboraleak kalteak sortu zituen teilatuan eta sortu zen arrisku egoeragatik aterpetxeko gela bat itxi zen, zerbitzua zortzi oheetatik laurekin utziz. Hala ere, Gizarte Ongizateko zinegotzi Mari Jose Notariok, dio egoera horretan ezin dela jarraitu. Altsasu bidegurutzea dela gogora ekarri zuen, eta baita inguru honetan dagoen aterpe bakarra dela ere. Notariok ziurtatu duenez, aterpea itxita egon den egunetan, "asko kalean gelditu dira". Zinegotziak ohiko pasadizoko pertsonei krisiak sortutako langabe berriak gehitu zaizkiola ere nabarmendu du eta erabiltzaile kopurua handitu egin dela. Ekainean despedituko da Altsasuko udal aterpea legedira egokitzeko Gizarte Gaietarako Departamentuak udalari emandako epea. Udalak Nafarroako Gobernuari, behin baino gehiagotan eskatu dio kamineroen etxeetako batean aterpea egiteko, baina oraingoz Altsasuko Udalak ez du erantzunik jaso.