Dantzalekuko pistetako lanak maiatzean hasiko dira

Guaixe 2009ko otsailaren 20a

Altsasuko krosa atletismo pistetatik pasatzen den azken aldia izanen da aurtengoa. Hala jakinarazi zuten Pellok eta Mikelek. Aurreratu zutenez, maiatza aldera hasiko omen dira pistak eta futbol zelaia berritzeko lanak. Lanak hiru hileko epean despeditu daitezkela azaldu zuten. Hori dela eta, pasa den ostiralean Dantzaleku-Sakanako kideek, Unai Hualde alkateak, Sara Salazar kirol teknikariak eta Nafarroako Atletismo Federazioko kide batek bilera izan zuten. Homologatutako pistak lortzeko hainbat aholku eman zituen federazioko ordezkariak; esaterako: lurpetik argindarra eramateko sarea egitea etorkizunean markagailuak jarri edo pistola bereziaren bidez irteera eman behar bada hori egin ahal izateko. Pellok eta Mikelek jakitera eman dutenez, jasotako informazio guztia pistak eraikitzeko egitasmoan jasoko da eta aurten bertan 6 kaleko pista homologatuak izanen ditu Altsasuk. Horrek Nafarroa mailako behe mailako txapelketak antolatzeko aukera emanen dio Dantzalekuri. Maila handiagoko probetarako 8 kaleko pista behar da. Belar artifizialeko futbol zelaia ere eginen da eta disko- eta xabalina-jaurtiketarekin ez da bateragarria. Jaurtiketa-kirol horietarako toki egokiena zein litzatekeen aztertu beharrean daude teknikariak. Bestalde, Dantzaleku-Sakanak pisten mantenuaren eta erabilera egokiaren ardura izanen du, azken bi urteetan izan duen legez.