Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Bosgarren urtez jarraian Dantzaleku-Sakanako atletismo klubak Nafarroako kros txapelketa bat antolatuko du, aurtengoan distantzia luzekoa. Lasterketa bera Altsasuko krosaren XXVII. edizioa izanen da. Dagoeneko atletismo klub sakandarreko berrogei bat kide guztia behar bezala antolatzeko lanean ari dira. Krosaren aurkezpenean Mikel Goikoetxeak eta Pello Bergarak jakitera eman zutenez, Nafarroako 200 federatuez gain, beste erkidegoetako atletak bilduko dira Altsasuko Dantzalekuko zirkuituan, tartean 14 sakandar. Federatutako korrikalari guztiek parte hartu dezakete Altsasuko proban. Aurtengoan antolakuntzak ibilbidea luzatzea erabaki du. Beraz, atletak bi kilometroko ibilbidean neurtu ordez 2,5 kilometrokoan lehiatuko dira. Pellok azaldu zuenez, "ibilbidearen luzapena korrikalariengan pentsatuz egin dugu, aurrenekoek azkenekoei itzulia ez kentzeko". ProbakAltsasuko krosak lau lasterketa izanen ditu. Abiatzen lehenak gizonezkoen junior mailakoak izanen dira. 11:00etan hasiko dira 7.500 metroko ibilbidea osatzen. Ordu erdi ondoren, emakumeen junior mailako korrikalariek ekinen diote 5.000 metroko ibilbidea osatzeari. Eguerdiarekin batera, emakumeen helduen mailako lasterketa martxan jarriko da. Helduen mailako gizonak izanen dira irteera puntua uzten azkenak, 12:40an aterako dira. SariakNafarroako txapelketa irabazten dutenek txapelaz gain momotxorroa (gizonak) eta sorgina (emakumea) jasoko dituzte. Bigarren eta hirugarren sailkatuendako trofeo bana izanen da. Altsasuko kroseko sariak ere banatuko ditu Dantzaleku-Sakanak. Lehenengoendako txapela izanen da eta, horretaz gain, podiuma osatzen duten korrikalariek momotxorro eta sorgin bana jasoko dute sari gisa. Horrez gain, Iker Kirolak dendak bertako aurreneko hiru korrikalariendako trofeoak eman ditu. Sari banaketa lasterketak despeditu ondoren eginen da. Podiumera igotzeko aukera dutenen artean Garin, Maritxalar edo Aristegi izenak aipatu zituzten aurkezpenean. Atletismo taldeko kideek gogora ekarri zuten Dantzalekura hurbiltzen zirenendako Juan Antonio Galartzak emandako salda eta txistorra izanen direla. Bestalde, esker oneko hitzak izan zituzten probako sendagile izanen diren Martin Mazkiaran eta Iñaki Oterminendako.