Final-laurdenak agortuta, Nafarroako Bertsolari Txapelketa final-erdietara iritsi da. Joan zen larunbatean mustu zuten 3 kanporaketetan lehena, Goizuetan. Bihar, arratsaldeko 17:30etik aurrera, Altsasuko Iortia kultur guneak hartuko du bigarren final-erdia.Olaetxea Goizuetatik Elizondora120 ikusle inguruk txiki utzi zuten Goizuetako udaletxea, Nafarroako Bertsolari Txapelketako lehen final-erdian. Lehiak Eneko Lazkoz etxarriarra, Iñigo Olaetxea, Jon Barberena, Aritz Saragueta, Bittor Elizagoien eta Julen Zelaieta igo zituen oholtza gainera. Azken honek bertan mustu zuen 2009ko txapelketa, iazko txapelak final-erdirako zuzeneko txartela eman baitzion. Saio txukuna izan zen larunbatekoa. Hamarreko txikian eta zortziko txikian bota zituzten bertsolariek bertso ederrenak, bertsotan elkarrekin ari zirela. Horiek jaso zituzten txalo zaparrada beroenak. Parez pare ibili ziren bertsolariak, baina, bere esperientziaz baliatuta, aldea hartu zuen Iñigo Olaetxeak. Lesakarra txapela janzteko faboritoen artean egon da behin baino gehiagotan. Beste behin ere agerian utzi zuen bere dotorezia eta, lasai eta akatsik egin gabe, atzean utzi zituen beste bertsolariak 322,5 punturekin. Gainerako bertsolarien artean gogorra izan zen lehia. Azpimarragarria da Eneko Lazkozek egindako lana: iazko txapeldun Julen Zelaietarekin eta Nafarroako bertsolari dotoreenetakoa den Jon Barberenarekin parez pare ibili zen. 308,5, 308 eta 307,5 punturekin hurrenez hurren, hirurek izan zezaketen aurrera egiteko aukera, baina, zoritxarrez, epaimahaiak 4. postua eman zion etxarriarrari. Beraz, puntu bakarreko aldeak finaletik at utzi dezake etxarriarra. Bosgarren eta seigarren postuan sailkatu ziren Aritz Saragueta (305 puntu) eta Bittor Elizagoien (295,5 puntu). Bihar AltsasunAltsasuko Iortia kultur gunean goi mailako bertso saioa hartuko du bihar, 17:30etik aurrera. Aimar Karrika, Xabier Silveira, Migel Elosegi Luze, Saioa Alkaiza, Jon Elizetxe eta Alazne Untxalo lehiatuko dira Nafarroako Bertsolari Txapelketako bigarren final-erdian. Gazte nahiz beteranoek, Elizondorako txartela izanen dute lehian. Lehenengo sailkatzen denak zuzenean eginen du aurrera, besteek berriz, martxoaren 7ra arte, azken final-erdira arte itxoin beharko dute.