Mooh 3lik. Sala malecum. Maroko Altsasuko Iortia kultur gunean

Guaixe 2009ko martxoaren 2a

Hilabete aldaketak erakusketa berria ekarri ohi du Altsasuko Iortia kultur gunera. Oraingo honetan Begoña Salazarren liburuek Itziar Nazabalen margo lanei eginen diete lekua Iortiako erakusketa gelan. Datorren asteartean, martxoaren 3an mustuko dute Altsasuko artista gaztearen Mooh 3lik. Sala malecum erakusketa. Zabaltze ekitaldia martxoaren 6an, 19:30ean izanen da. Hilaren amaierara arte, martxoaren 29ra arte ikusgai egonen da, asteartetik ostiralera 18:30etik 21:00etara eta igandetan 18:30etik 20:30era. Artista altsasuarrak eman digu erakusketaren berri.Mooh 3lik. Sala malecum bidaiaren bilduma izena eman diozu erakusketari. Zergatik?Izena nahiko berezia da, niretako asko adierazten duena. Mooh 3lik arabiar hitz bat da. Muxu ematea esan nahi du, haur bati edo lagun bati ematen diozun bezala, sentimendu handiarekin. Adiskide handiak egin ditut Marokon eta Mooh 3lik horrek asko esan nahi du niretako. Horregatik izenburua. Zein lan eskegiko dituzu erakusketa horretara?Nire obra ikusi ahal izanen da, nire estilo eta teknikarekin. Testura eta emozio esplosioak daude nire obraren oinarrian. Esplosio horietatik irudia sortzen da batzuetan. Beste batzuetan, berriz, esplosio hutsean geratzen dira. Lan handia dago prozesu horretan. Oihalak izanen dira gehienak eta kotoi gainean eta yute gainean eginak. Ikus daitezken irudi gehienak Marokokoak dira, hango egonaldian egindakoak edo han egindako zirriborroetan oinarritutako obrak. Beraz, erakusketara sartzean Marokon murgilduta ikus zaitezke. Gainera musika marokoarra jarriko du hango giroa jartzeko.Dena den tartetxo bat utziko dut beste lan batzuendako: Cordoban, Gironan eta Colliuren egindako akuarelendako eta hemengo paisaiekin (Beriain, San Pedro...) egiten ari naizen koadroendako. Jendeak askotan eskatzen dizkidan lanak dira eta horregatik egin diet tartea. Ahalegin berezia egin dut herritar arruntarengana gerturatzeko eta horiendako eskuragarriagoak izateko, bai gaien aldetik, bai prezioaren aldetik. Zein estilo eta teknika erabili dituzu?Asko esperimentu dut teknika eta estiloekin, horiek izaten baitira artistari nortasuna ematen diotenak. Azken denboraldian nire zigilua finkatzen joan naiz. Oso estilo askea da nirea, detaileen ordez, ukituen alde egiten duena, hiperrealismotik urruti. Nolabait ikusleak amaitu behar du koadroa. Teknikari dagokionez, material askorekin ikertu ondoren, barnizak, testurak, eta pigmentuen nahasketa baliatuta, teknika urtua lortu dut, akuarela gogora ekarri dezakeena.Lehenago ere erakusketak egin dituzu Altsasun bertan. Artezaleak gara sakandarrak?Denetarik dago. 2005ean erakusketa egin nuenean, jendea oso kontentu geratu zen. Eta ez hori bakarrik, jende gehienak uste du inguru honetan ez dagoela salmentarik, bildumazalerik, baina ez da horrela. Nik kanpoan ditut erosle gehienak, baina, egia esan, hemen ere badago artea gustatu eta erosten duenik. Azken urteetan jendeak ikusi du kanpoko erakusketetan behin baino gehiago gehiagotan parte hartu dudala, Salzburgoko nazioarteko ferian, Marokoko festibalean... "Noiz egingo duzu hemen?" galdetzen zidaten. Horregatik aukera eskaini zidatenean ez nuen zalantzarik eduki. Oso pozik nago. Jendeak eman didan hurbiltasun hori asko iristen zait. Artistak kanpoko errekonozimendua behar du etxean baloratua izateko?Dudarik gabe, eragin handia du. Niri hemendik deitu aurretik kanpotik deitu didate. Nire ibilbidea jarraitu duenak ohartuko da dezente mugitu naizela eta nire obrak munduko hainbat lekutara eraman ditudala. Esaterako, oihartzun handia izan zuen Marokoko nazioarteko jaialdi batean, Assilah-n egin nuen muralak. Mundu osoko 11 artista egon ginen bertan. Esperientzia ikaragarria eta zoragarria izan da. Jendeak asko galdetu izan dit horren inguruan. Horregatik, erakusketan sorpresa bat egonen da, aitak egindako diaporama txiki bat, Marokon egindako lanen ingurukoa. Uste dut oso polita izanen dela. Ibilbide oparoaItziar Nazabal Regueirak (Altsasu, 1080) Arte Eder ikasketak egin zituen Salamancan, Euskal Herriko Unibertsitatean eta Ingalaterrako Bradforden. Bertan diseinu, pintura eta haurrendako pedagogian sakondu zuen, eta Bradforden grabatuaren teknikan. Kordoban Jose Martinez Lazaro Pepe Arte Ederretako Akademiako Ohorezko kidearekin akuarela landu zuen Itziarrek. Altsasuarraren ibilbidea markatu zuen margolari kataluniar horrek. Ondotik, margolari berak zuzenduta, beste egonaldi bat egin zuen Gironan. Beste jaialdi batzuek Colliure-ra (Frantzia) eta Marokora eraman dute. Altsasuko artista gaztea zenbait artistaren elkarteko kide da: Euskal Akuarelarien elkarteko kide da 2006tik, CIALEC-en (Centro Internacional de Arte y Literatura "Equipo de Córdoba") onartu zuten 2008an eta Asociacion de Artistas Goya Aragon-en berriki onartu dute. 2005etik margolari lanak irakaskuntzarekin uztartu ditu, Altsasun ireki zuen arte plastikoen tailerrean.