Younes eta Bani Altsasuko 27. Kroseko irabazleak, nagusitasun handiz

Guaixe 2009ko otsailaren 23a

Dantzaleku-Sakana Atletismo Klubak antolatuta igandean Dantzalekuko paraje ederrek Altsasuko 27. Kros Txapelketa hartu zuten. Proba hau, aldi berean, Nafarroako Kros Luzeko Txapelketa zen. Guztira 153 korrikalari aritu ziren, Nafarroakoak gehienak baina kanpotik etorritakoak ere bai, tartean Dantzaleku-Sakanako 11 korrikalari eta Hiru Herriko Asier Urkia etxarriarra.  Sakanako Gizonezkoen absolutuan 153 korrikalari aritu ziren (10 km), emakumezkoenean 25 (7,5 km) eta gizonezkoen junior mailan 15 (7,5 km). Emakumezkoen junior maila ezin izan zen burutu tamalez proba burutzeko nahikoa emakumerik ez zegoelako. Antolakuntzak 2,5 kilometroko zirkuitua prestatu zuen Dantzalekuko parajeetan barna, baina helmuga eta irteera aurki konponduko dituzten Dantzalekuko pistetan zeuden. Zorionez aurreko astean ez zuen euririk egin eta zirkuitua primeran zegoen, lohi gune batzuk salbu. Eguraldia ere ederra zen korrika egiteko, fresko eta sano. Paraje eder honetan ez zegoen korrika egiteko aitzakiarik; korrikalariek soilik zuhaitzen zainen traba aipatu zuten. Bestela, ibilbidea primeran zegoen. Altsasuko Krosa Nafarroako Kros Luzeko Txapelketa izateaz gain, Espainiako Txapelketetarako tokia lortzeko zita garrantzitsua izan zen klubendako. Yunes nagusi hasieratikGizonezkoen absolutuan korrikalariek lau buelta eman zizkioten zirkuituari, 10 km osatuz. Beste Iruñako El Mostafa Yunesek sasoi betean dagoela erakutsi zuen, irteera hartu zuten 153 korrikalarien artean azkarrena izan baitzen. Horietatik 110 iritsi ziren helmugara. Hasieratik aurrean izan zen Yunes, Borja Garcia, Jaouad Boualame, Honorio Ramirez, Antonio Etxeberria eta Javier Nagorek osatzen zuten taldetxoari tiraka. Baina korrikalariek ezin izan zioten El Mostafa Yunesek ezarritako erritmoa eutsi eta bigarren itzulirako taldea hautsi egin zen. Boualamek eta Garciak jarraitu zuten gertutik Yunes, eta hauei ere Hiru Herriko Gabriel Garin beteranoa gerturatu zitzaien, lasterketa garatuz ahala atzetik aurrera gora egin zuen korrikalariak. Horrela, Dantzalekuko helmugan Beste Iruñako El Mostafa Yunes izan zen lehena (31:29), Scania PAT taldeko Borja Garcia bigarrena (32:01), Ribera Atleticoko Jaouad Boualame hirugarrena (32:23) eta Hiru Herriko Gabriel Garin laugarrena eta lehen nafarra (32:24), Nafarroako Kros Luzeko txapelduna, beraz. Sakandarrei dagokienez, Francisco Javier "Pitxi" Gomez Fernandez altsasuarra izan zen lehen sakandarra, helmugara 38. Postuan helduz (35:26). Lan ederra egin zuten sakandarrek. Taldeka, Ribera Atletico izan zen lehena, Beste Iruña bigarrena eta Hiru Herri hirugarrena. Dantzaleku-Sakana seigarren tokian sailkatu zen. Gabriel Garin sarritan izan da Nafarroako Kross Txapelketetako txapelduna. "Ez dakit zenbat txapelketa irabazi ditudan. Argi dudana da Kros Luzea bosgarrenez irabazi dudala jarraian, eta bitan Kros Luzea eta Kros Motza irabazi ditudala urte berean" zioen Garinek. 39 urte ditu eta sasoi betean dago Lizarrakoa, eta garaipenaren unean pertsona askorekin gogoratu zen. "Antonio Etxeberriarekin gogoratzen naiz, berak ere egunen batean Nafarroako txapeldun izatea merezi du. Baita nire familiarekin ere, nire ausentzia eta entrenamendu guztiak sufritzen dituztelako. Eta ez nuke Mario Lopez de Uralde ahaztu nahi" zioen Garinek, lasterketaren nagusitasuna Marokoko korrikalariek zutela azpimarratuz. Ildo honetan, El Mostafa Yunesek aipatu zuen laugarrenez irabazi duela Nafarroako Kros Luzeko Txapelketarako baliagarria den lasterketa, baina arauak horrela dituela eta berak errespetatzen dituela. Lasterketari dagokionez, arerioak ez zituela ongi ezagutzen gaineratu zuen Yunesek, eta horregatik hasieratik ezustean harrapatu nahi zituela. "Bihurgune asko zeuden, erritmoa apurtuz, eta ihes egitea kosta egin zait" adierazi zuen. Emakumezkoetan Aicha Banik ez zuen areriorik izan25 korrikalarik hartu zuten irteera emakumezkoen txapelketa absolutuan, Dantzalekuko zirkuituari hiru itzuli emanda guztira 7,5 km osatu zituztenak. Igandean bertan Sevillan jokatutako Espainiako Maratoi Txapelketan parte hartu eta bigarrena izan zen Ana Casaresen falta nabaritu egin zen, iazko Nafarroako Kros Luzeko irabazlea hain zuzen, eta egungo Nafarroako Kros Motzeko txapeldun Maitane Meleroren falta ere bai, lesionatuta baitago.  Gizonezkoetan bezala, marokoarrak izan ziren jaun eta jabe. Hasieratik Zaragozako Sympli Scorpio taldeko Aicha Banik korrikalariak hartu zuen aurrea, eta lasterketa ia osoa bakarrik korritu zuen. Atzean Inmaculada Pereiro, Marta Muñoz eta Nerea Abrego zetozen, eta bigarren itzulian Muñozek erritmoa bizkortu eta atzean utzi zituen besteak. Horrela, Banik izan zen azkarrena (27:45), Beste Iruñako Inmaculada Pereiro bigarrena (28:56) eta Ardoiko Marta Muñoz hirugarrena (28:59). Lehen nafarra bera izanik, Muñoz izan zen Nafarroako Kros Luzeko txapelduna, laugarrena sailkatu zen Beste Iruñako Nerea Abregoren aurretik gailenduz (09:08). Txapelketa bere taldeari, Ardoiri, eskaini zion Marta Muñozek. Taldeka, Beste Iruñakoak izan ziren onenak, Ardoikoak bigarrenak eta Cantera de Cascantekoak hirugarrenak. Aicha Banik azaldu zuenez, azkar atera zen eta bere erritmora egin zuen korrika. "Martxoaren 8an Caceresen eta 15ean Albaceten jokatuko diren Espainiako Kluben Arteko Txapelketarako entrenamendua izan da lasterketa hau" gaineratu zuen. Juniorretan Jorge Pascual garaileGizonezko junior mailan lehiatutako 15 korrikalariek hiru buelta eman zizkioten zirkuituari, 7,5 km osatuz. Soriakoa den baina Nafarroako lizentzia duen 18 urteko Jorge Pascualek irabazi zuen proba, modu erosoan, bigarren sailkatu zen UPV taldeko Fermin Perezi 37 segundo atereaz (26:48). Scania PAT izan zen talde onena. Nafarroako Atletismo Federazioko presidente Ricardo Ieregik azaldu zuenez, nahikoa emakumerik ez zegoelako junior mailako emakumezkoen lasterketa bertan behera utzi behar izan zen lehenengoz. Sariei dagokienez, Nafarroako Kros Luzeko txapeldunek txapelaz gain momotxorroa (Gabriel Garin) eta sorgina (Marta Muñoz) jaso zituzten. Bigarren eta hirugarren sailkatuek trofeo bana jaso zuten. Altsasuko krosari dagokionez, lehenengoek, El Mostafa Yunesek eta Aicha Banikek txapela jaso zuten, eta podiuma osatu zuten korrikalariek momotxorro eta sorgin bana. Gainera, Iker Kirolak dendak bertako aurreneko hiru korrikalariei trofeoak oparitu zizkien. Korrikalari sakandarren lana (gizonezkoen absolutuan, 10 km)1.El Mostafa Younes (Beste Iruña): 31:2938. Francisco Javier Gomez Fernandez (Dantzaleku-Sakana): 35:2643. Javier Borrega Periañez (Dantzaleku-Sakana): 36:1059. Juantxo Arregi Asensio (Dantzaleku-Sakana): 37:1065. Mikel Lakuntza Arretxe (Dantzaleku-Sakana): 37:5569. Juan Carlos Gomez Fernandez (Dantzaleku-Sakana): 38:1772. Casi Estarriaga Gaston (Dantzaleku-Sakana): 38:4682. Juantxo Azurmendi Zelaia (Dantzaleku-Sakana): 39:2983. Enrique Aldasoro Lezea (Dantzaleku-Sakana): 39:3785. Asier Urkia Ijurra (Hiru Herri): 39:5987. Gorka Garcia Maya (Dantzaleku-Sakana): 40:0288. Iban Gonzalez Barroso (Dantzaleku-Sakana): 40:0295. Jesus Mari Olmos Amillano (Dantzaleku-Sakana): 41:0097. Antton Zelaia Etxarri (Dantzaleku-Sakana): 41:02