Hegoak elkartea "pozik" druida guneak jasotako harrerarekin

Guaixe 2009ko otsailaren 23a

Otsailaren 7an, Santa Agedako larunbatean, Hegoak elkarteak druida gunea jarri zuen Foruen plazan, Gure Etxea eraikinaren ondoan. Elkarteak Altsasun mustu zuen furgoneta eta haren ondoan jarritako informazio mahai batek osatu zuten druida gunea. 22:00etatik 03:00etara drogei buruzko eta haren kontsumoari buruzko informazioa zabaldu zuten. Aldi berean, sustantzien analisiak ere egin zituzten. ElkarlanaHegoak elkartea Burunda mendebaldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen gonbiteari erantzunez etorri ziren Altsasura. Bi erakundeak, aurretik ere, elkarrekin elkarlanean aritu dira. Esaterako, institutuko ikasleei hitzaldiak eman dizkiete elkarteko kideek eta, mankomunitatearen bidez, gurasoei drogei buruzko tailerrak eman dizkiete. Altsasura etortzean, Hegoak elkarteak aurretik egindako beste jarduera batzuk osatu nahi izan zituen. Horretaz gain, festan zeuden pertsonei drogen kontsumoaren inguruko informazioa ematea, beti ere, sustantzien erabilera eta abusuarekin lotura duten arriskua eta kalteak murrizteko asmoarekin. Aurretik egindako lan horrek elkartea eta bere zerbitzua ezagutzera eman ditu. Hotzak eta elurrak, hala ere, jende gehiegi Hegoak-en standera ez hurbiltzea ekarri zuen. Ehun bat pertsona izan ziren hurbildu zirenak. 15 eta 30 urte bitarteko gazteak. Haietatik %11 soilik ziren emakumeak. Droga kontsumoaren eta elkartearen zereginaren inguruan interesa azaldu omen zuten guztiek.AnalisiakBatzuek elkartekideak zoriondu zituzten egiten ari diren lanagatik. Besteek informazioa eskuratu zuten eta azkenik zituzten sustantziak analizatzera eman zuenik ere izan zen. Druida guneak zuen berritasunetako bat kapa fineko kromatografia analisia zen. Teknika horren bidez elkarteko kideek sakonago aztertu ahal izan zuten sustantziak, eta hala zerekin adulteratu zituzten jakiteko. Hala, sustantziak aztertzera eraman zieten pertsonek haien inguruko informazioa jaso zuten. Baina, horrekin batera, zerekin zeuden adulteratuta jakiteko aukera izan zuten. Elkarteko kideek haxixa, marihuana, speed, MDMA, pilula, kokaina eta ketaminaren 32 azterketa egin zituzten. Haietako hamar kromatografia probak izan ziren eta erakutsi zuten speedak azukre kopuru handiak zituela. Aztertutako gainontzeko sustantzietan azukre kopurua ertaina edo txikia zen. MaterialaErabilera bakarreko etilometroak, boligrafoak, hainbat sustantziari buruzko informazio esku-orriak (batzuen euskarazko bertsioa falta zen) eta kondoiak ere eskuratu ahal izan ziren gunean. Ohiko lanaz gain, Hegoak elkarteko 6 kide eta 8 boluntarioek film labur bat grabatu zuten Altsasun, elkartearen nondik norakoak azaltzen dituena. Gizarte Zerbitzuko ordezkari bat izan zen haiekin batera gau osoan. Elkarteak mankomunitateari jakinarazi dionez, "pozik" dagoela Altsasun izandako harrerarekin.