Altsasuko Udalak dagoeneko aurkeztu ditu Nafarroako Gobernuan Tokiko Inbertsioen Planean (lau urteko plana) sartu nahi dituen lanak. Guztiak ere herriko azpiegiturak hobetzeko dira eta 3,6 milioi euroko aurrekontua dute. Unai Hualde alkateak jakinarazi digunez, "ekaina aldera gobernuak zein lan diruz lagunduko dituen jakinaraziko du. Udalari dagokion inbertsioari aurre egiteko ahalmenaren arabera, orduan erabakiko dugu zein lan egin eta zein epetan". Tokiko Inbertsioen Planera Altsasuko Udalak aurkeztutako egitasmoen artean nagusienak sareak, zorua eta argiteria publikoa berritzeko bi lan dira. Batak Zumalakarregi plaza, Bakea, Amaia eta Gipuzkoa kaleak hartuko lituzke. Lan horiek eginda zaharkituta eta kontserbazio egoera eskasean dagoen azpiegitura berrituko litzateke. Lan horren aurrekontua 2.329.156,58 eurokoa litzateke. Bestalde, Beheko Benta eta Iruñea etorbideko sareak, zorua eta argiteria publikoa berritzeko 365.432,59 euro bideratuko lituzke udalak. UdaletxeaHerriko etxean bi lan egiteko finantzabidea lortu nahi du udalak. Alde batetik, igogailua jarri nahi luke arkitektura-trabak kentzeko. Igogailua egungo eskailerak uzten duen tartean kokatuko litzateke. Horretarako eskailerak eta beheko solairuko bulegoaren itxiera egokitu beharko lirateke. 8 pertsona eramateko gaitasuna luke igogailuak. Bestetik, udal artxiboarendako kokapen berria ere jaso nahi da. Udaletxearen atzeko aldean jasoko litzateke eta 200 metro karratuko azalera izanen luke. Udaletxean egitea aurreikusitako bi lan horien aurrekontua 638.517,61 eurokoa da. HilerriaLau urteko azpiegitura planaren bidez Altsasuko Udalak kanpo-santuko oinezkoendako bideak konpondu nahi lituzke. Euri ura jasotzen duten estoldak erabilezinak dira eta horrek putzuak sorrarazten ditu. Hori konpontzearekin batera, biltegiko ate eta leihoak berritu eta dituen zirrituak konpondu nahi lituzke udalak. Baita hezurtegi bat egin ere. Horretarako guztirako 190.206,28 euroko aurrekontua aurreikusi du.