Escena Jaialdiak dantza garaikidea ekarriko du Altsasura

Guaixe 2009ko martxoaren 6a

Gaur jarriko da abian Escena Jaialdiaren 9. edizioa. Urtero bezala, Nafarroako Gobernuko Kultura eta Turismo departamenduak antolatutako jaialdiak dantzan jarriko du Nafarroa. Denera 30 dantza ikuskizun eskainiko dira Nafarroako 18 herritan. Dantza neoklasikoak, garaikideak, flamenkoak eta breakdance-ak lekua izanen dute bertan. Lehen aldiz arte eszenikotara gerturatzeko tailer eta ikastaroak ekarriko ditu jaialdiak. 230.000 €ko aurrekontua du ekimenak. Apirilean AltsasunAltsasu izanen da ikuskizunak hartuko dituen herrietako bat. Apirilera arte itxoin beharko dugu horietaz gozatzeko. Aste Santuko oporretatik bueltan, apirilaren 18an, Dantzaz Elkarteak Lur Sagar obra garaikidea eskainiko du. Biarrizko Ballet Gaztetik bereiztu berri den taldeak lan fisikoa eta oholtza gaineko dotorezia ditu ezaugarri nagusi. Apirilaren 26an izanen da bigarren emanaldia, Larunbe Danza taldearen Azul o el ritmo de la vida ikuskizunarekin. Juan de Torresek kudeatutako taldeak familia osoarendako obra garaikidea ekarriko du Altsasuko Iortia kultur gunera. Laida Aldaz etxarriarra esna amestenEscena Jaialdiaren aurtengo nobedadeen artean, Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza jaso duten bi ikuskizun daude. Horien artean dago Laida Aldaz etxarriarrak Cruz Isael Matarekin batera prestatu duen Soñando despiertos-Ametsetan esnaturik ikuskizuna. Natalia Sardirekin batera, bi dantzariek ametsen munduaren eta errealitatearen arteko muga arakatuko dute. Gertuko gaia da hirurendako, dantzatik bizitzeko ametsak jaioterria uztera behartu baitzituen hiru dantzariak. Martxoaren 17an Beran eskainiko dute emanaldia eta 18an Uharte-Iruñeko Arte Garaikidearen Zentroan. Etxarriarrak gainera 3 egunetako dantza garaikidearen ikastaroa emanen du Uharte-Iruñean.