Sunsundeguiko enpresa batzordeak bidegabeko kaleratzea salatu du

Guaixe 2009ko martxoaren 2a

Aurreko ostiralean Sunsundeguiko enpresa batzordeko kideek (UGT 5, ELA 4, LAB 3 eta independente 1) kontzentrazioa egin zuten Altsasuko udaletxearen aurrean. Protesta horrekin langile baten bidegabeko kaleratzearen kontra azaldu ziren. 5 urteko errelebo kontratua zuen emakumea da kaleratua eta bi urte zeramatzan lanean. Sunsundegiko langileen ordezkariek azaldu zutenez, "enpresak berak bidegabeko kaleratzea dela onartu du". Enpresa batzordeko kideek kezka azaldu dute "kaleratze honekin enpresak, diru pixka bat ordainduta, edozein langile kanporatzeko aukera zabaldu du". Enpresa batzordeak langileei "batuta, kaleratutako langilea berriro kontratatzeko borrokatzeko" deia egin die.Langileen ordezkariak kontzentrazioan kexu azaldu ziren, "kaleratzen kalte-ordainak ordaintzeko dirua dago, baina ez dago nominak eguneratzeko, ezta sariendako edo atzerapenendako ere". 290 bat langileren ordezkariek enpresaren egoerarekin kezka azaldu zuten. Azaldu zutenez, "zuzendaritzak aurkeztuko digun produkzioa barneratzeko planaren zain gaude. Lan karga jaitsi egin da eta aldi baterako langileen kontratuak ez dituzte berritu".