Lanerako gogoz sartu da La Encina elkarteko zuzendaritza berria

Guaixe 2009ko martxoaren 3a

La Encina Extremadurako kultur elkarteak otsailaren 21ean batzarra egin zuen. Bilkura zuzendaritza berritzeko baliatu zuen La Encinak. Jesus Cidoncha Zambranok ordezkatu du Isidro Blazquez elkarteko presidente karguan. Jesusek azaldu digunez, "lau urterako berritu dugu zuzendaritza". La Encinako presidente berriak esker oneko hitzak izan ditu orain arte elkartea zuzendu duen taldearendako: "egin duten lana eskertzen diegu. Zaila jarri dute gainditzea, baina ahaleginduko gara". Jesusek berak aitortu digunez La Encinako zuzendaritza berria "gogotsu" sartu da lanera. Kultur elkarteak orain arte izan duen ibilbideari eta programazioari eutsiko diola jakinarazi zigun Jesusek astelehenean, baina azpimarratu zuen "ekitaldi berriak" ere antolatuko dituztela. ZabalduLa Encina kultur elkarteak gaur egun 119 bazkide ditu. Haietatik 60 elkarte gastronomikoko bazkide ere badira. Jesus Cidoncha Zambranok azaldu digu zuzendaritza berriaren nahia dela "elkartea herriari zabaltzea eta altsasuarrek elkartearekin duten harremana estutzea". Aitortu zuenez elkarte gastronomikoak "oso ongi funtzionatzen du". Jesusek jakinarazi zuenez, inork bazkide egin nahi badu La Encinako kideren batekin harremanetan jartzea besterik ez du. Kultur elkarteko zuzendaritza berritu berri bada ere, dagoeneko jardueren egitaraua martxan dute. Domekan, Emakumearen Egunarekin batera, elkartean emakumeendako bazkaria izanen da, 14:30ean. Ondoren musikaz gozatzeko aukera izanen dute bildutakoek. Zuzendaritza berriaPresidentea, Jesus Cidoncha ZambranoPresidente-ordea, Mariano Garcia Carrancho. Idazkaria, Jose Pedro Palacios Baz. Diruzaina, Chelo Cortes Peña.Batzordekideak: Maria Arevalo, Cristina Aguilera, Mª Sol Palmares, Puy Gil, Antonio Moreno eta Antonio Manuel Moreno.