Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Altsasuko Udalak aurreko ostegunean bilkura izan zuen eta Zelandiko hirigintza sektorea eta alegazioen erantzunak onartzea erabaki zuen. Horrek 288 etxebizitza eraikitzeko bidea emanen du. Haietatik 154 babes ofizialeko etxebizitzak izanen dira. Eraikinek behe solairua eta 4 gehiago izanen dituzte. Aparkaleku plaza kopurua eta berdegune azalera lehendik aurreikusita zegoen bezala geldituko da. Bestalde, egun okindegia dagoen inguruan patinatzeko 200 metroko luzera duen pista egitea aurreikusi da. Etorkizunean hura estaltzea ez da baztertzen. Zelandiko hirigintza sektorea garatzearen alde agertu ziren Na-Bai, PSN eta IUN-EB. EAE-ANV eta UPN abstenitu egin ziren. Ekintzaileek esan zutenez, "hasiera batean aurreikusitako etxebizitzen kopurua %20 hazi da, nahikoa arrazoi alegazio epe berria zabaltzeko". Ezker abertzaleak, bestalde, etxebizitza politikari buruzko eztabaida eskatu zuen, "herrian dauden premiak aztertu eta horren arabera etxebizitza politika zehaztea". Eta gaineratu zuen sektorea garatzen dela "eraikitzaileen presioengatik eta udalaren finantziazio beharrengatik". Alkateak ez zuen gaizki ikusi etxebizitza politikari buruzko eztabaida egitea, baina gogora ekarri zuen ezker abertzaleak udal ardura zuenean garatu ziren sektoreak "babestutako etxebizitza gutxien zutenak eta lur zoru asko okupatzen zuten familiabakarrekoak eta antzekoak" izan zirela. Alkateak gehitu zuenez "egungo ereduak lehentasuna eman dio berdegune eta babeseko etxebizitza ugari izateari". UPNk, bestalde, erabakia atzeratzea eskatu zuen, "Nafarroako Gobernuaren Etxebizitza Lege berria ezagutu arte". LanakBilkura berean Altsasuko Udalak aho batez onartu zuen luzatutako aurrekontuan moldaketa egitea. Milioi bat euroko diru saila sortuko da futbol zelaia eta atletismo pistak berritzera bideratuko dena. Lanak bere osotasunean Estatuko aurrekontuetatik jasotako diruarekin ordainduko da. MozioaEkintzaileek mozioa aurkeztu zuten udalak Zelandi kiroldegiaren kudeaketa udalera bueltatzeko ikerketa eta planifikazioa egiteko eskaera eginez. EAE-ANVrendako "pribatizazio horretatik datoz langileekin arazoak eta bestelakoak". Bestalde, udalari eskatu dio kudeatzen duen enpresa eta monitoreen artean bitartekari lanak egiteko, azken horiek lanera bueltatu daitezen. Mozioak ekintzaileen babesa jaso zuen soilik. Bestalde, kanpoan, LAB sindikatuak deituta, 20 bat pertsonek bilkura egin zuten. Elkarretaratzearen bidez exijitu zuten, batetik, Nitram Pool SL enpresak Zelandi kiroldegian lan egin zuten monitoreak berronartu ditzala. Bestetik, "eskirolek euren lanpostuak "kaleratutako" monitoreei itzultzea" eta, azkenik, Altsasuko Udalari "lan baldintza duinak eta zerbitzu publiko duinak bermatzea".