Nafarroako Gobernuak Gonzalez de Aciluren lana jasoko du

Guaixe 2009ko martxoaren 10a

Orain gutxi albiste izan genuen Nafarroako Gobernuak bultzatutako Videos/documentos con artistas navarros ikus-entzunezko bilduma. Bildumak arte garaikidea sustatzea zuen helburu. Vianako Printzea Erakundeak, hasiera batean, arte plastikoetara bideratu zuen ekimena. Beste artista batzuen artean Jose Ramon Anda bakaikuarraren ikuspegia jaso zuten Pulso a la materia dokumentalean. Bada, artista plastikoen lehen dokumentalak argitaratu diren honetan, Nafarroako Gobernuak beste eremu batzuetara zabaldu nahi izan du ikus-entzunezkoen bilduma: musikara. Besteak beste, Agustin Gonzalez de Acilu altsasuarraren memoriak jasoko dituzte bilduma honetan. Fundación Ars Incógnita arduratuko da 80 urte bete berri dituen musikagileari buruzko dokumentalaz. Ikus-entzunezkoa egituratua dago eta aurten estreinatzea espero dute. Dokumentala ez ezik, musikagile altsasuarraren bi disko ere grabatuko dituzte, bata bere obra koralarekin eta bigarrena pianoarendako obrekin. 2010ean jarri dute argitalpen data. Ars Incógnita fundazioko Javier Ecayk, Marta Cureses musikologoak eta Teresa Catalan musikagileak gidatu dute Aciluri buruzko lana.  Altsasuko musikagilearekin batera, Jose Maria Goikoetxeak eta Fernando Remachak osatuko dute bilduma.