Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Martxoaren 7an eta 8an Euskal Herriko Neguko Igeriketa Txapelketa jokatu zen Legazpian, haurren mailan. 1995. eta 1996. urteetan jaiotakoak lehiatu ziren. Txapelketa honetan parte hartu ahal izateko marka betetzen zuen sakandar bakarra Ane Martinez Mazkiaran altsasuarra zen, eta bera 1996. urtean jaiotakoen multzoan lehiatu zen. 100 metro libreetan, 96ko haurren mailan, Jone Landaluze izan zen lehena (1´04´´94), eta Ane Martinezek lan ederra egin zuen, hirugarrena sailkatu baitzen (1´06´´35). Lehen nafarra izan zen Ane. Eta 200 metro libreetan, 96ko haurren mailan, Irene Perez izan zen azkarrena (2´21´´08). Ane Martinez altsasuarra zazpigarren heldu zen helmugara (2´27´´36) eta bigarren nafar onena izan zen. 96an jaiotakoen 100 metrotako proba librean 1´05´´60 denboratik jaitsi zirenak aurki Valladoliden jokatuko diren Espainiako Igeriketa Txapelketetan aritzeko txartela lortu zuten. Tamalez Ane Martinez ezingo da aritu, bere denbora 1´06´´35 izan zelako. Ane Martinez Sakanako Igeriketa Taldean ari da. Lehen Itxesia izena zuen taldeak, baina orain Sakana izena hartu du. Ikasturte honetan Altsasuko Zelandi kiroldegian ari dira entrenatzen, lehenengoz. Taldearen ekipazioa eta beste ari dira prestatzen.