Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Mojena zen eraikinean gazteendako tokiaz gain, ordenagailu-gunea eta beste prestatuko diraAltsasuko Udalak astelehenean osoko bilkura berezia egin zuen eta oniritzia eman zion mojen eraikina zen hartan gazte-lekua eta gune soziokulturala eraikitzeari. Eraikineko behe eta lehen solairuetan kokatuko dira udal azpiegitura berriak eta haiek egokitzeko Enplegurako Toki Inbertsioaren Estatu Funtsetik udalak jasotako 992.507,60 euro baliatuko dira. Diru-laguntza jasotzeak berarekin ekartzen du lanak urtea despeditu aurretik bukatu beharra. Beraz, heldu den urte hasieran erabilgarri izan litezke bata eta bestea. Lanek aipatu bi solairu horietako barruko aldeko banaketa aldatuko dute, baita kanpoaldeko itxura ere. Horrekin batera, fatxadan dauden kableak lurperatuko dituzte eta, gainera, lehengo ikastetxeko patioa zena urbanizatu eginen da. Skate edo patinetean ibiltzeko gunea jartzea ez da baztertzen. GaztelekuaMojena zen eraikineko lehen solairua hartuko du, musika eskolaren azpian. Lehen solairurako banaketa hau aurreikusi da: jokoak (bilarra, futbolinak, ping-pong, mahai-jokoak...) hartuko dituen tamaina handiko gela bat; ikastaroak, jarduera soziokulturalak eta musika entzuteko gelak; gazteendako ordenagailu gela; bi bulego; atezainaren gela; artxiboa; pasabidea; egokitutako komunak; garbiketa gela eta mota guztietako ekitaldiak hartzeko moduko espazioa, gazte-txokoa, sukaldea ere izanen duena. Gune soziokulturalaLehen solairua gazteei zuzenduta badago, behekoa erabilera eta jarduera soziokulturaletara zuzenduta egonen da. Han kokatuko da altsasuar guztiek erabili ahal izanen duten udalaren informatika gela. Behe solairu horretan ere barruko horma tolesgarri baten bidez bitan banatzen den gela izanen da, jarduera soziokulturaletan edo hiritarretan erabiltzeko balio dezakeena. Eskulan tailerra eta talde txikiendako bi entsegu gela, materialerako txokoarekin, ere aurreikusi dituzte. Horretaz gain, egokitutako komunak eta pasabidea izanen dira.