San Pedrozelain adar lehorrak kentzen

Guaixe 2009ko martxoaren 17a

Astelehen eta asteartean Zierbenako Arbotek enpresako Oskar Basterretxe eta Jorge Alvaro Sanpedrozelain lanean izan dira. Inguruaren ederra gogoko dutela esan digute eta harekin lanean izan dira bi egunetan. Uharteko Lur Geroa enpresako Aitor Mendoza Sanzen esanetara, Sanpredrozelaiko sei edo zazpi haritz zaharren adar lehorrak moztu dituzte. Aitorrek esan digunez, "erori aurretik moztea hobe, hemen jende asko ibiltzen baita". Lan horietaz gain, hutsik dagoen haritz zahar bati karga kenduko diote "edozein haizetek bota aurretik". Lur Geroa enpresako Aitorrek azaldu digunez, "zelaia garai batean animaliei jana emateko erabiltzen zen. Hori utzi da eta arbolen zainketa ez da lehengoa". Bestalde, nabarmendu zuen zuhaitzetan animalia asko bizi zirela. Zelaiko haritzik zaharrenak 250 urte inguru izanen dituela adierazi zigun. Bestalde, San Pedrozelain dauden haritz amerikarren egoera ez dela onena nabarmendu zuen. Horren lekuko zelaiaren ipar-mendebaldean lurrean den enborra. "Zainak oso gaizki dituzte". Antza, eroritako enborra eskultura bihurtuko du herritar batek. NaBai-ko kide eta aurki zinegotzi kargua hartuko duen Pedro Mari Zabalok jakinarazi zigunez, aste honetan bertan San Pedrozelain eta Usolarrain inguruan bertako haritzen eta lizarren mila landare aldatuko dira. Horretaz gain, aurreratu zuen Baso itxitik etxerako egur loteak emanen direla.