Sunsundeguiko enpresa batzordea zuzendaritzaren asmoekin kexu

Guaixe 2009ko martxoaren 18a

Sunsundeguiko enpresa batzordeak ohar bidez jakinarazi du "duela sei hilabete soldata ordainketetan atzerapen handiak" izaten ari direla. Iazko zenbait atzerapen ere ez dituztela kobratu dio enpresa batzordeak bere oharrean. Aldi berean, salatu dute "nominaren eguneratzea ez dela zuzena". Langileen ordezkariek diote autobusen eskaerak jaitsi egin direla, baina ez trenena. Enpresa batzordeak dioenez, "egoera baliatuz estutu nahi gaitu produktibitatea handituz, autobusen sailean kostuak murriztuz". Langileen ordezkariek, bestalde, esan dute "soldatak %20raino murriztea" proposatu zaiela, baita kaleratzeak ere. Bestalde, enpresako zuzendaritzak gaiaren inguruan adierazpenik ez egitea erabaki du.