Azanza luxuxko Gaztela Leonen

Guaixe 2009ko martxoaren 18a

Igandean Paredes de Navan hasi da eta martxoaren 27an, ostegunarekin, Valladoliden despedituko da Gaztela Leongo Itzulia. Luxuko lasterketa ikusgarria izango da, tropeleko izar handienek bere presentzia iragarri dutelako. Txirrindulari sakandarrei dagokionez, soilik ordezkari bat izanen dugu, Euskaltel-Euskadiko Jorge Azanza txirrindulari altsasuarra. Eta Oscar Guerrerok zuzentzen duen Contentpolis-Ampo taldea ere lehian izango da. Astana taldeko bi oilarrak izango dira Gaztela Leonen: Contador eta Armstrong. Komunikabideak aspalditik ari dira bi oilarren arteko borrokak sortu duen morboaz hitz egiten, bi taldekideak elkarrekin ariko diren lehenengo lasterketa izanen baita Gaztelakoa. Haiekin batera Carlos Sastre, Oscar Pereiro, Oscar Freire, Denis Menchov eta beste ariko dira. Hortaz, emozioa ez da faltako. Lasterketak denetatik izango du: esprinterrak luzitzeko etapa izan daiteke igandekoa, Paredes de Navan hasi eta Baltanásen despedituko dena, baina haizea badago tropela hautsi egin daiteke. Bigarren etapa 28 kilometroko erlojupekoa izanen da, Palencian. Hirugarren etapa Sahagunen hasi eta San Isidro Gainan despedituko da, eta laugarrena etapa erregina izango da, lehen mailako Alto de la Laguna de los Peces gainan despedituko baita. Azken etapa Benaventen hasi eta Valladoliden despedituko da. Nahiko laua izango da baina igoeratxo batean despedituko denez, azken ordura arte asko lan egin beharko dute txirrindulariek.