Haur Kantari Jaialdi arrakastatsua

Guaixe 2009ko martxoaren 24a

Altsasu eta Lakuntzako musikari trebeek saio ederra eskaini zuten aurreko ostiralean Iortia kultur gunean ospatu zen Haur Kantari Jaialdian. Aretoa lepo bete zen eta Sakanako kantariek primerako ikuskizuna eskaini zuten. Altsasukoa 3. saioa izan da eta laugarrena, martxoaren 28an izanen da Elizondoko Lur aretoan. Azkena, berriz, apirilaren 5ean izanen da, Gaiarre antzokian. Bertan parte hartuko dute orain arteko lau saioetan nabarmendu diren talde, bakarlari eta bikoteek. Antolatzaileak zuzenean jarriko dira harremanetan bukaerako saioan parte hartuko duten talde, bakarlari eta bikoteekin.Altsasukoa, 3. saioa Lakuntza eta Altsasuko 12 taldek parte hartu zuten Haur Kantari Jaialdiko 3. saioan. Hasiera batean Lekunberriko hiru talde ziren etortzekoak, baina azkenean ez ziren aurkeztu. Hori dela eta sakandarren parte hartzearekin arazorik gabe ospatu zen jaialdia. Saioak iraun zuen ordu eta erdian hainbat estilotako kantaitak entzuteko aukera izan zen. Batzuk erritmo bizikoak eta aski ezagunak: hala nola, Bide Ertzean taldearen Ez dut atzera egingo, Sugan taldearen Mugimenduan, Lor taldearen Zure doinua eta Urtz taldearen Kaixo kanta ezaguna. Sormenezko kantu bat ere izan zen, Sekretua, doinu politarekin eta ongi antzeztua  Belen Valenciak musikatua eta letra Lakuntzako Musika Eskolak osatua. Pinguinoz eta mexikarrez jantzi zirenak ere igo ziren oholtzara. Eta Erdi Aroko kutsuko kanta herrikoi bat ere entzuteko parada izan zen: Josetxo Olaberriko. Azken horretan, Munia el Marhum bakarlariari Emilio Ariasek lagundu zion zanfoñarekin. Giro ona ostiral arratsaldea pasatzeko.